Trantsizio energetikoaren erronka "potoloa" dela iritzita, Jauzi Ekosozialak eta Goienerrek hitzaldi-merienda antolatu dute, joan den otsailean elektrizitate eta gas fakturen prezioak interpretatzeko egindakoari jarraipena emanda.
Nestor Aranak eta Oier Etxebarriak gidatuta, bi gairi buruz egingo dute berba: "Batetik, autokontsumo taldeei buruzko informazioa helaraziko dugu, herrian gero eta interes handiagoa pizten duen gaia baita; izan ere, Intxaurtxuetako atarte batean eguzki plakak instalatuko dira modu komunitarioan, eta jendeak prozeduraren nondik norakoak jakin nahi ditu. Bestetik, komunitate energetikoak aztertuko ditugu, inguruko esperientzietan oinarrituta; halako taldeetan aerotermia eta isolamendua moduko kontzeptuak lantzen dituzte, etxebizitza eta eraikinetan konponbide energetiko osoagoak planteatuta", azaldu du Aranak.
Ordu eta erdi inguruko saioaren ostean, merienda eskainiko dute antolatzaileek.