Zaldibar aretoa emakumeekin harreman sexualak edukitzeko egongela bihurtuko da ekainaren 5ean, domeka, Chicas... ¡al salón! obraren baitan. Protagonistak Burgeluko La Farandula taldeko hamar kideak izango dira, zortzi emakume eta bi gizonezko. Arantxa Lopez de Letona da zuzendaria, Eskoriatzako Ausartak taldea zuzentzen duen bera. "Duela hiru urte bi taldeen arteko trukea egiten hasi ginen, ikasturte amaierako lanak bi herrietan aurkeztu ahal izateko", dio. Aurten, Ausartak ez da oholtzara irtengo, baina bai La Farandula; gaur eta bihar Burgelun aurkeztuko dute obra eta etzi Eskoriatzan. 5 euro da sarrera, eta kiroldegian eska daiteke aurrez.
Zuzendariak azaldu duenez, ikasturte hasieran ideiak bota, testua garatu eta entseatu ondoren, prest dute uzta propioko lana: "Gizonezko bezeroak zita-etxera sartzen dira, emakumeekin enkontruak izatera; sartu-irten horietan egoera dibertigarriak gertatuko dira, askotariko pertsonaiek gorpuztutakoak, eta publikoak barre-algaraka amaituko du".