Badator Ferixie, atzera begirako keinuarekin

Hasier Larrea 2023ko eka. 2a, 09:06

Bihar, zapatua, 25. aldiz ospatuko dute Eskoriatzako Ferixie, Arizmendi Ikastolak herriarekin bat egiteko festa. 86 bat artisauren produktuak egongo dira plaza inguruan. Ekitaldien artean, azokaren sortzaileei omenaldia egingo diete Jose Arana gunean eguerdian.

Egun handia ospatuko dute bihar Eskoriatzan: inguruko herrietako jendea ere erakarri izan duen Ferixie. Sorreratik hona bilakaera izan duen ekitaldia dela aipatu du Arizmendi Ikastolako Jose Arana guneko Esti Aguado irakasleak: "Hasieran, baserritarren produktuen erakusleihoa zen, eta, gaur egun, zilarrarekin zein narruarekin lan egiten duten artisauak ere etortzen dira, baina baita ipuin kontalariak eta serigrafistak ere", azaldu du.

Herriaren ondarea sinbolizatzen duten objektu bitxiak ere aurkituko ditu bisitariak erdigunean zehar. Esaterako, Madrilen bizi den Sergio Some bitxigile eskoriatzarrak eskuz egin dituen Axtrokien erreplikak eroango ditu, eta Edurne Unamuno artisau eskoriatzarrak txorimaloa eta Ezkurtxo bateratzen dituen arigumia aurkeztuko du.

Axtrokien erreplika eta arigumia.

09:00etan emango diote hasiera egunari, etxafuego jaurtiketarekin eta txistularien kalejirarekin. 10:00etarako irekiko dituzte azokako postuak, eta, jarraian, ekintzak bata bestearen atzetik jarriko dira martxan. Jose Arana gunean txorimalo lehiaketan hartuko dute parte neska-mutilek, eta haur eta gazteentzako puzgarrietan ere dibertitu ahalko dira. Santa Marinan, 11:30ean, gazta dastaketa eta txapelketa egingo dute, eta elizaren azpian taloen postuak eta tabernak emango dute zerbitzu.

Trikitilarien kalejira ez da faltako, ezta euskal dantzak ere, herriko dantzariak 12:30ean Gorosarri plaza girotzera deituta baitaude. Argitxo ere kalean gora eta behera ibiliko da, bere saltsan, urtero moduan.

BAZKALAURRETIK, EKITALDI HUNKIGARRI UGARI EGINGO DITUZTE JOSE ARANA GUNEAN

Lan egin dutenei keinua

Bazkalaurrea ekitaldi hunkigarri ugari egiteko baliatuko dute. 13:00etan, batukadan irtengo dira ikasleak, eta, 13:30etik aurrera, Jose Arana gunean, azokako postuen eta txorimalo lehiaketaren sari banaketarekin hasi, errifen zozketarekin jarraitu eta omenaldi txiki bat egingo diete Ferixie sortu zutenei, txalapartarien hotsek lagunduta. "Hasierako urteetako lantaldearen ekarpena txalotuko dugu, garrantzitsua izan baita denen artean egin duten lana", aipatu du Aguadok. Horrekin batera, Jose Aranako haurrek Olatz Zugastiren Bizirik gaudelako kanta abestuko dute.

Bazkaltzeko, Herriko Plazan Zuk ekarri zuk jan egingo dute. 18:30ean txapel jaurtiketa txapelketa egingo dute, eta, "jaia luzatze aldera", larrain dantzak daude programatuta 19:30erako; eta 21:00etarako, Imanol Intxausti eta Iñaki Larrañagaren erromeria.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak