Haurren danbor hotsak entzuten segi nahi dute

Hasier Larrea 2023ko mai. 26a, 16:42
Antolakuntzako boluntario taldea, martitzenean, Kultura Etxean egindako bileran.

Guraso talde batek sanpedroetako haurren danborrada prestatzeko testigua hartu du aurreko antolatzaileengandik. Lehen esperientzia dute egiteko horretan: "Txikiak ginenean bizi egiten genuen, eta gure haurrei berdina transmititu nahi diegu".

Azken urteotan nagusitu den joera da gero eta haur gutxiago animatzen direla jai nagusietako danborradan parte hartzera. Horri gehitu behar zaio pandemiak bi urtez eten zuela ekitaldia, eta iaz ere ezin izan zutela antolatu, boluntario gutxi zeudelako horretarako prest. Zehaztapen gehiago eman ditu Arantza Zuluetak, Kultura Saileko teknikariak: "Haurrek, adinean gora egin ahala, interesa galtzen dute; beraz, gaur egun zaila da 11 urteko neska-mutilak konbentzitzea. Bestalde, urte askoan aritu da guraso talde bat haurren danborrada prestatzen, eta errelebo eske zeuden. Eskerrak egiteko hori betetzeko jende berria azaldu zaigun".

Gogoz hartu dute

Jende berria bai, baina haurren danborrada ondo ezagutzen dutenak. Txikitan bizi izaten zuten egun berezi hori euren txikiek bizitzea nahi duten gurasoak dira. Lehen entseguaren aurreko bilkuran honako arrazoiak aipatu ditu zortzi lagun baino gehiagoz osatutako boluntario taldeak: "Gure seme-alabak apuntatu direnez, guk ere jarriko dugu gure aletxoa; izan ere, pena ematen du herrian hain errotuta dagoen ekitaldi bat desagertu daitekeela sentitzeak. Imajinatu zenbat urtean egin den; guretzat ohorea zen haurtzaroan parte hartzea, orain nagusien danborradan parte hartzea den bezala".

Gainera, lasaitasuna nabari zaie, aurreko boluntarioen laguntza izango dutela jakinda: "Ondo etorriko zaigu jantziak begiratzeko eta batailoiak adinka eta jantzien neurrien arabera banatzeko". Pilotalekuko entseguekin hasi aurretik eman beharreko pauso horiek iruditzen baitzaizkie zailenak. Astelehenean 18:00etan izango da lehenengoa: "Momentuz, 70 haurrek baino gehiagok eman dute izena. Batailoi bakoitzean hogei danbor-jole joango dira, eta gure helburua sei batailoi osatzea da". Hortaz, espero dute azken orduko sorpresaren bat jasotzea astelehenean, aukera egongo baita entsegura bertaratu eta apuntatzeko.

Dominak, sari moduan

Gainera, danborradan parte hartzen duten haurrek domina bana eramango dute etxera, eta urtez urte jasotakoen bilduma egiten joan ahal izango dira.

HAURREN ENTSEGUAK ASTELEHEN ETA ASTEAZKENETAN 18:00ETAN IZANGO DIRA, PILOTALEKUAN

Nagusienean, arazorik ez

Sanpedroetan egingo den beste danborrada bat helduena izango da. Beti bezain arrakastatsua izateko osagai guztiak edukiko ditu, herritarrek gozatu egiten baitute. Txosna batzordeak ere egingo du ekarpena, presoen aldeko elkartasun-batailoia eratuta. Maiatzaren 28ra arte eman dezake izena talde horretan parte hartu nahi duenak, Inkernun eta Aldatzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak