Asteburuan zehar pilotalekuari hautesleku itxura emango diote udal langileek, eta instalazioa itxita egongo da kirol jardueretarako. Domekan, 09:00etatik 20:00etara bozkatu ahalko dute 3.231 eskoriatzarrek. Lau hauteskunde-mahai egongo dira, guztiak barruko kantxan kokatuta. Bozkatzaileek kantxako ate handitik sartu beharko dute frontoira; irteera, berriz, Luis Ezeizako patio aldera ematen duen atea izango da. Dena den, Udaletik adierazi dutenez, ondo adierazita egongo dira sarrera eta irteera. Bestalde, mugikortasun-arazoak dituzten pertsonentzat Luis Ezeizako patioa egokituko dute aparkaleku gisa.
Mugikortasun murriztua duten pertsonek botoa eman ahal izan dezaten zerbitzu berezia eskainiko du Gurutze Gorriak. Horretarako, ibilgailu egokituak eta anbulantziak erabiliko ditu hauteslekuetara iristeko eta beharrezkoa den boluntario eta teknikari-boluntarioen laguntza eskainiko du, eta horretarako honako telefonoa dago eskura: 943 76 55 76.
Azken osoko bilkura
Martitzenean egin zuten agintaldiko azken osoko bilkura. Gai ordenan desadostasuna eragin zuen puntu bakarra pentsiodunen manifestuarekin bat egitearena izan zen. EH Bilduk proposatu zuen Udalbatzak idatzia babestea, 1.080 euroko pentsio minimo duina bermatzea izanik mezu nagusia. EAJk mezu horren alde zegoela adierazi zuen, baina ez zuen babestu idatzia, "eskaera Eusko Jaurlaritzari egiten diotelako, eta ez Espainiako Gobernuari, hura denean pentsioen konpetentzia daukan erakundea". Hortaz, pentsiodunen manifestuari babesa ematea ez zen aurrera atera.
Printzipioz, ekainaren 17an osatuko dute udalbatza berria. Hamaika eserlekuak nortzuentzat izango diren domeka gauean jakingo da.