Jokalariak eta zaleak familian batzeko jaialdia

Hasier Larrea 2023ko mai. 26a, 09:12

Eskoriatza Kirol Elkarteak denboraldi bukaeran egin ohi duen festa ospatuko du asteburuan. Hiruko saskibaloi torneoarekin irekiko dute egitaraua gaur, eta bihar denetik egingo dute Herriko Plazan. Bazkide berriak erakartzeko postua ere jarriko dute.

Herriko kirol kluba adinean aurrera doa, 59 urte bete ditu aurten, baina ez du, ez, jubilatzeko asmorik. "Astebururo kiroldegia betetzen dute zaleek, 200 bat lagun egoten baitira animatzen, eta etxetik kanpo jokatzen dugunean ere alboan izaten ditugu; afizio ikaragarria daukagu". Horixe izan da zuzendaritzako kide Andoni Motok emandako erantzuna, kirol elkartearen osasunari buruz galdetzerakoan.

Berotasun hori baliatu dute Eskozale kanpainaren amu bezala, eta funtzionatzen du. Iaz abiatu zuten bazkide berriak erakartzeko proiektua, eta hauxe adierazi du Motok: "Nahiko lan polita egin dugu, dagoeneko ehunetik gora pertsonak eta elkartek hartu baitute kluba babesteko konpromisoa". Kopuru hori handitu nahian, bazkide berriak erakartzeko mahaia jarriko dute bihar, zapatua, Herriko Plazan.

Izan ere, elkargune hori Eskoriatza Kirol Elkartearen gotorlekua izango da egun osoan. 12:30ean hasiko da festa, Leintz Eskola Kiroleko partaideen denboraldi amaierako sari banaketarekin, eta 13:00etan vintage arropa saltzeko azoka irekiko dute: "Klubak historian zehar kaleratu duen arropa eskuratu ahal izango dute eskoriatzarrek, prezio oso merkean".

DATORRENARI BIDE BERETIK HELDU NAHI DIOTE, DENEN EKARPENAREKIN LAN EGITEN SEGITZEKO

Festarako osagaiak

Une horietan herriko hainbat musikarik berriki osatutako Ad Libitum txaranga ibiliko da kalea girotzen, bazkalordura arte. Iaz bezala, paella erraldoia jango dute herri bazkarian izena eman duten 200 jokalari, guraso eta zuzendaritzako kide inguruk. 17:00etan, mahaiak saskiekin ordezkatuko dituzte, binakako saskibaloi taldeak osatu eta txapelketa txiki bat jokatzeko. Ostean, 18:30ean, areto-futboleko abileziak erakusteko txanda izango da; besteak beste, 15 urtetik beherakoentzat zuloz betetako atea jarriko dute plazan, ea punteria zorrotzena nork duen. Arratsetik gauerdira arte, zero kilometroko haragia parrillan eta musika jartzaileen doinuak izango dituzte kirolzale eta parrandazaleek aukeran.

Horixe biharko menua, ahaztu gabe gaur arratsaldean zehar Luis Ezeizako kantxan hiruko saskibaloi txapelketa jokatuko dutela, 17:00etan hasita, 9 urtetik gorako neska-mutilek.

Junior partaidetzako saskibaloi taldea.

Denboraldiaren irakurketa

Saskibaloia bada-eta Eskoriatza Kirol Elkartearen zutabeetako bat, baita poz iturri ere, aurten emakumeen junior partaidetzako taldeak Zilarrezko Mailara igotzea lortu baitu, hamazazpi partidutatik hamabost irabazita. Areto-futboleko gizonezkoen talde nagusiarentzat, berriz, denboraldia "gorabeheratsua" izan da, urtarrilera arte baja dezente izan baitituzte, lesioak medio. Hala ere, neurria ematea lortu dute, beste behin, Hirugarren Mailan.

Areto futboleko talde nagusia zaleekin, etxeko azken partiduan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak