Goizeko une batzuetan euria egin badu ere, ez du gaurko eguna "izurratu", Aritz Zubia antolatzailearen esanetan, eguna "ondo" eta espero zutena baino "hobeto" doa uste zutena baino jende gehiago hurbildu baita. Goizeko erakusketako ibilgailuen kopuru zehatzik ez badu ere, adierazi du kotxeak ez zirela sartzen hiru plazetan. Hain zuzen ere, Gorosarri plazan jarri dituzte 4x4 estiloko ibilgailuak; Santa Marinan, berriz, auto klasikoak eta motorrak eta Herriko Plazan lasterketako autoak. Herri bazkaria egin dute frontoian arratsaldeko hiruretan eta 205 lagun elkartu dira. 17:30ean, berriz, eskupilotako finalak hasi dira.
Oraindik gaua falta da, baina festak jarraituko du. Gaueko bederatzietan hasiko dira kontzertuak, denak Debagoieneko taldeenak: Oihu!, Youth United, Erne eta Txakurrak. Ondoren, Oier Mendizabal DJaren txanda izango da.