Uztaileko rallysprinta sostengatzeko eguna antolatu du Eskomotorrek biharko

Hasier Larrea 2023ko mai. 19a, 11:38

Iazko rallysprintean, zaleak primeran pasatzen.

Eskomotor Eguna ospatuko dute lehen aldiz bihar, zapatua, Eskoriatzan, uztailaren 15erako antolatzen diharduten rallysprinta finantzatzeko. Askotariko ibilgailuen erakusketa, herri bazkaria, pilota partiduak eta kontzertuak egongo dira denen eskura.

Gogotsu dago Eskomotor taldea herriko bigarren rallysprinta antolatzeko, iazko estreinaldia nola joan zen ikusita. Aritz Zubia antolatzaileak gogoan du bero handia egin zuen uztailaren 16 hartan istripu dezente egon zirela: "Antolatzaileok kontrolatu ezin ditugun eguraldia moduko faktoreengatik eragindakoak gehienak". Hala ere, egun haren "irakurketa positiboa" egin zuten antolatzaileek: "Batik bat, lasterketako partaideen eta publikoaren erantzun aparta ikusita".

Gustura egin eta ondo irteten diren gauzak errepikatzea izaten da ohikoena. Eskomotorreko ibilgailu-zaleek beste egun ahaztezin batez gozatu nahi dute, eta jada jarri dute bigarren rallysprinterako eguna: uztailak 16. Kontziente dira halako ekitaldi bat antolatzeak inbertsio ekonomiko handia egitea eskatzen duela, eta, rallysprinterako dirua batzeko helburuarekin, jaialdi itxurako Eskomotor Eguna antolatu dute biharko.

HERRI BAZKARIAN 195 LAGUN BATUKO DIRA, FRONTOIAN: "SEKULAKO KOPURUA"

Erakusketak eta kontzertuak

Logikoa den moduan, ibilgailuek protagonismo berezia izango dute. Gertuko pilotu eta lagunek ekarritako ibilgailuen erakusketak egingo dituzte herriko hiru txokotan, askotariko modalitateak ikusgai jarrita: 10:00etatik aurrera, Gorosarri plazan 4x4 estilokoak egongo dira, Santa Marinan auto klasikoak eta motorrak, eta Herriko Plazan lasterketetako autoak.

Kirol ekitaldiak ere izango du tokia, pilota partiduak jokatuko baitituzte udal pilotalekuan. 09:00etan emango diote hasiera txapelketari, eta finalak 17:30ean jokatuko dituzte.

13:00etan, berriz, trikipoteoa egingo dute erdigunean zehar, eta, jarraian, 195 laguneko herri bazkaria izango dute zain udal pilotalekuan: "Herriko Plazan egitea zen asmoa, baina ez dago eguraldi onik iragarrita. Hasieran, tiket gutxiago atera genituen, baina, jendeak bazkarirako interes handia erakutsi duenez, 195era igo dugu mahaikideen kopurua". Hori horrela, astelehenean itxi behar izan zuten zerrenda: "Eta, hala ere, hurrengo egunetan ere jaso ditugu tiket eskaera gehiago".

Kontzertuekin borobilduko dute Eskomotor Eguna, pilotalekuan bertan, 21:00etan. Alor horretan ere tokiko taldeen aldeko apustua egitea lehenetsi dute. Hala, Debagoieneko lau musika talde igoko dira oholtzara: Oihu!, Youth United, Erne eta Txakurrak; gauaren hondarrean, Oier Mendizabal musika-jartzaileak astinduko ditu gerriak. Zubiak azaldu duenez, kanpoko taldeekin ere jarri dira harremanetan, baina "polita" iruditu zaie bertako musikariekin osatzea kartela: "Hemen baditugulako nahikoa musika talde".

Egitarau oso hori txukuntzeko "barruko guztia" eman dutela ere aipatu du Zubiak: "Motibatuta gaude".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak