Duela pare bat aste ireki zuten ekainaren 29ko haurren danborradan parte hartzeko izen-ematea, eta dagoeneko 2009tik 2019ra jaiotako 50 haurrek baino gehiagok eman dute izena. Arantxa Zulueta Kultura Saileko teknikariak hauxe esan du: "Gustatuko litzaiguke ahalik eta kopuru handienera heltzea, ehun partaide ingurura". Beraz, nahiz eta eskoriatzakoagenda.eus-en izen-ematea gaur ixten dela jarri, etzira arte luzatu dute epea, eta webgune horretan bete daiteke formularioa.
Izan ere, astelehenean jarriko dira boluntarioak danborrada-taldeetako zerrendak osatzen. Eskoriatzako Udalak deialdia ireki zuen antolakuntza taldea eratzeko, eta lauzpabost gurasok hartu dute konpromisoa: "Eskertzekoa da, iaz boluntarioak erakartzeko arazoak izan genituenez bertan behera geratu baitzen ekitaldia".
Entseguei maiatzaren 29an ekingo diete Joseba Iñurrategi udal pilotalekuan, eta astelehen eta asteazkenero batuko dira, 18:00etatik 19:00etara.