Beste begirada batez ikusteko aukera

Miren Arana Pagaldai 2023ko mai. 19a, 10:23

Arantza Gaztañagaren margolana

'Gaur, egun horietako bat da' Arantza Gaztañagak sortutako erakusketa Eskoriatzako Ibarraundi museoan ikusgai egongo da, maiatzaren 23tik ekainaren 2ra arte. Obrek haren sentipenak erakusten dituzte, bizitzaren beste pertzepzio bat

Gaur, egun horietako bat da Arantza Gaztañagak sortutako olio, irudi eta testu erakustaldia egongo da Eskoriatzako Ibarraundi museoan. 8 urte zituela epilepsia diagnostikatu zioten, eta hark haren pertzepzioa guztiz aldatu zuen; minutu batetik bestera haren zentzumenak aldatu egiten dira. Erakusketak desberdina den pertzepzio hori erakustea du helburu, eta maiatzaren 23tik ekainaren 2ra ikusgai egongo da. "Urteak pasa ditut pentsatzen, eta Arte Ederrak ikasten hasi nintzenean hasi nintzen nire pertzepzioak gehiago lantzen. Nire obrek beste begirada bat erakusten dute, nire sentipenak adierazten ditut, mareatzen naizenean nola sentitzen naizen", adierazi du Arantza Gaztañagak.


Tesian oinarrituta


Ez da sortu duen lehenengo era
kusketa; hura proiektu "pertsonala" izan arren, izan ditu esku artean beste lan batzuk ere. Zentzua eta sentsua da horietariko bat, haren tesian oinarritutako margo bilduma. Erakusketa horretan beste 22 irakasle eta diziplinaturekin aritu da lanean sortzailea: "Bizkaia museoko Txillida aretoan egon da ikusgai; beste batzuen pertzepzioa azaldu nahi nuen, ikusmen- eta entzumen-desgaitasuna duten pertsonak kontuan hartuz erakusketa inklusiboa egin nahi izan dut".

Proiektu desberdinak izan dira, batean elkarlanean aritu da eta bestean bakarrik. Eskoriatzan ikusgai izango den erakusketa bakarkakoa da, eta ikusgai egongo diren obra denak propioak dira. Hala ere, gehien kostatu zaiona gestio lanak izan dira: "Zailena ez da koadroak egitea izan. Erakusketa bat aurrera ateratzeko, kultur etxe eta museoekin hitz egin eta gestioak egin behar dira; agian, hori kostatu zait gehien".

"BESTE PERTZEPZIO
BATZUK ERAKUTSIZ,

ERAKUSKETA

INKLUSIBOA EGIN

NAHI IZAN DUT


Aurrerantzean

Orainaldia proiektu pertsonalari eskainiko diola aitortu du Gaztañagak: "Gaur, egun horietako bat da proiektuarekin jarraituko dut; etxean jarraitzen dut koadroak egiten. Proiektu hau pertsonalagoa da, nire sentimenduak azaleratzen ditut".

Oraindik tokirik ez izan arren, lanean jarraitzen du artistak, eta Euskal Herrian zehar erakusketa ikusgai izatea gustatuko litzaioke; posible bada, baita kanpora ateratzea ere. "Erantzun ona izaten ari da, beste begirada bat erakusten delako. Beraz, lanean jarraitzen dut koadro gehiago egiten. Orain arte, Bizkaian ibili naiz, eta orain, Gipuzkoara joango naiz, Eskoriatzara".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak