Musika heziketa aintzat hartuta, matrikula irekita

Imanol Beloki Unamuno 2023ko mai. 12a, 13:05

Beheko Errota Musika Eskolako ataria; egunotan, pasabidean lanak egin dituzte eremua itxuraldatzeko.

Beheko Errota Musika Eskolak hilaren 8an ireki zuen 2023-2024ko ikasturtera begirako matrikula. Ekainaren 30era arte izango du 4 urtetik gorako edonork izena emateko aukera, eta musikarekiko interesdunak animatu nahi dituzte bertatik.

Entzuten ikasteko, erritmoa bideratzeko, ahotsa ez behartzeko moduan egokitzeko, talde instrumentalei esker taldean lan egiteko eta, batez ere, musikak eskatzen duen diziplina ulertzeko, ateak ireki ditu Eskoriatzako Beheko Errota Musika Eskolak. Instrumentu bat ikasteko, abesbatzan, bandan edo talde instrumentalean aritzeko eta oinarrizkoa den lengoaia musikala ikasteko interesdunek 943 71 49 95 telefono-zenbakira deitu dezakete, edo musikesko@hotmail.com helbide elektronikora idatzi.

Inoiz ez da berandu

Musika eskolan eskaintza handia dago 4 urtetik aurrerakoentzat, eta ez haurrentzat bakarrik, baita helduentzat eta jubilatuentzat ere. "Inoiz ez da berandu musika ikasten hasteko, eta gogoa eta esfortzua jartzen duen edonork oso emaitza onak lor ditzake denbora gutxian…", adierazi dute Beheko Errota Musika Eskolatik.

Matrikulazioa ekainaren 30era arte dago irekita Beheko Errota Musika Eskolan

Heziketan duen garrantzia

Musika ikasteak heziketan eragiten duela azpimarratuta eta aukera aprobetxatzeko dei eginez, honako mezu hau helarazi dute musika eskolatik: "Musika ikastea musikari profesionala izateko nahiaz harago doa. Hori ikusiko da, baina egia dena da musika heziketa onarekin gure seme-alabak pertsona hobeak izatea lortuko dugula, enpatikoak eta sentikorrak, eta, aldi berean, konprometituak. Beste herrialde batzuen mailan egon nahiko genuke, eta musikak beste protagonismo bat izatea ikastetxeetan. Lehenago edo geroago, hori ere iritsiko da, eta, bitartean, hemen gaude gu, zuen seme-alaben hezkuntzaren osagarri gisa. Lorpen handia da etxetik gertu musika eskola bat edukitzea, dena emango duten profesional tituludunekin. Udalek eta Eusko Jaurlaritzak badakite hori, eta baliabideak jartzen dituzte familiek zerbitzu hori arrazoizko kuota baten truke jaso dezaten. Oso aukera ona da, eta guztiok aprobetxatu beharko zenukete, haur bakar bat ere gera ez dadin bere heziketaren osagarri hori gabe. Beheko Errota Musika Eskolan zuen zain gaude. Zatoz eta informa zaitez!".

Hobekuntza lanak

Beheko Errota musika eskolako atarian, San Juan kalea eta Olazar auzoa batzen dituen pasabidean, lanak egiten izan dira egunotan. Hain zuzen ere, eguaztenetik gaur arte, pasabidea hobetzeko mantentze-lanak egiten izan dira, eta pasabidea itxita egon da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak