Zerbitzuetan aurrera egitea: erretiratuentzako lokala, osasun etxea eta kiroldegia.
Erretiratuentzako lokal duina eta berritua behar dela azpimarratu dute EH Bilduko kideek, eta horrekin batera, lehentasuna izango dutela osasun etxea mantentzeak eta lehen mailako arretaren alde lan egiteak. Baita, kiroldegia eta gimnasioa berritzeak. "Azken honi dagokionez, espazio, jarduera eta zerbitzu desberdinak hobetzea beharrezkoa dela uste dugu herriko bizitza biziberritzeko. Horrez gain, herriko merkataritza, udal lokalak, plaza eta parkeak eta kirol instalazioak bultzatu nahi ditugu Eskoriatzako pertsona eta elkarteen beharrei erantzuteko".
Etxebizitza-plana, birgaitze eta efizientzia energetikoa, ingurumenaren kontserbazioa, eta zaintza-sistema.
Etorkizuneko erronkei erantzuten saiatzeko eta pertsonen ongizatea hobetzeko planteatutako irtenbide batzuk jarri dituzte mahai gainean. Etxebizitza-plan bat abian jartzeko errealitate eta behar desberdinak aztertzea, adibidez, gazteen emantzipazioa errazteko. Horrekin batera, zaintza-beharrei modu duinean, komunitarioan eta solidarioan erantzutea. Energiaren prezioaren igoeraren eta larrialdi klimatikoaren aurrean, auzoen birgaitze eta eraginkortasun energetikoa aztertzea ere planteatzen dute, etxebizitzen isolamendua edo udal-plaka fotovoltaikoak jartzeko aukera hobetuz. Suteei aurrea hartzeko, hirigunetik gertu dauden basoak kontserbatzea bultzatuko da, eraztun berde bat sortuz.
Elizateak, Eskoriatzako funtsezko elementua
Eskoriatzako Elizateen Elkartearen hautagaitza ez aurkeztea erronka bat dela dio EH Bilduk. "Ahalegin berezia egin beharko da erabakietan presentzia izango dutela bermatzeko. Horretarako, batzorde bat sortu beharko da, auzo-alkateak izango dituena eta elizateen ahotsa bilduko duena, behar besteko aurrekontuaz hornituz. Orain arte egindako lanak jarraipena izango duela ziurtatuko da, honako arazo hauei erantzunez: saneamendua eta hobi septikoak; energia berriztagarrirako sarbidea; KM-0 ekoizleentzako laguntzak; ur-hornidurako arazoak konpontzen saiatzea eta mugikortasun inklusiborako taxi-proiektuari berriro ekiteko aukera aztertzea".
Herri izaera berreskuratu nahian
Lehentasun horien helburua honela definitu du Edorta Zubizarretak Eskoriatzako EH Bilduko alkategaiak: "Herri honen izaera eta kaleko bizitza berreskuratu behar dira. Horretarako, udalak pertsona eta elkarte guztien lankidetza erraztu eta bultzatu behar du. Eskoriatzan potentzialtasun handia dugu. Duintasunez bizitzea, tokiko merkataritzan erosita gozatzea eta kontsumitzea ezinbestekoa izango da, adibidez".