Duela bi urte, Eskoriatzako Udalak antolatu zuen Loratu lore azoka, Ibarraundi museoaren kanpoaldean. Iaz ere, Eskoriatzako Udalak antolatu zuen egitasmoa, baina lekualdatu eta Fernando Eskoriatza egitea erabaki zuten. Hirugarren edizio honetan, berriz, Axtroki Merkatari Elkarteko kideak izango dira azoka antolatuko dutenak, eta, Udalak babestuta, Fernando Eskoriatza plazan 10:00etatik 14:00ak arte mota guztietako loreak eta landareak izango dira herritarren gozagarri.
Lore azokan izango diren loreak eta landareak ikusteaz eta erosteaz batera, doan lortzeko aukera ere jarri dute herriko komertzioetako kideek. "Usurbilgo Urtinea lorategikoak izango dira, beste behin, Eskoriatzan. Garaiko loreak ekarriko dituzte, zuhaixkak… Landare aukera zabala. Horrekin batera, herriko komertzioetan erosiz gero, doan jaso daitezke loreak", dio Jabi Altunak, Axtroki Merkatari Elkarteko kideak.
Loreak doan lortzeko bidea
21 komertzio inguru batu dira Axtroki Merkatari Elkarteak antolatu duen Loratu lore azokara. Komertzio horietan erosketaren bat eginez gero, txartelak lortu daitezke zapatuko lore azokan txartelak loreekin trukatzeko. "Axtroki Merkatari Elkarteko komertzioetan, dendetan eta tabernetan daude txartelak eskuragarri. Egitasmora batu diren hiru komertzio, denda edo tabernatan zigilatuz gero, lore azokan lore batekin trukatu daiteke", adierazi du Jabi Altunak, Axtroki Merkatari Elkarteko kideak.