Edurne Gruceta Letek (Eskoriatza, 1960) 44 urteren ostean agur esango dio Edurne Estetika Zentroari. Batez ere, bezeroak agurtu nahi ditu negozioko ateak itxi aurretik, eta, bide batez, eskerrak eman nahi dizkie urte hauetan handik pasa direnei.
Negozio propio bat irekitzearen hasierak sekula ez dira errazak izaten. Nola gogoratzen dituzu zureak? Eta nolakoa izan da harrera ordutik hona?
Ikasketetan txarra nintzen eta gurasoek lokala jarri zidaten ikasketak amaitu aurretik. Beraz, nire kasuan, beste zenbaitekin alderatuta baino hobeto joan zela esan behar dut. Hala ere, lan asko egin dut ordutik hona; lana hobeto, txarrago, gehiago eta gutxiago. Hala, duela 44 urte hasi nintzen han lanean, eta, nire bezeroek itxi egingo dudala jakin dutenean penaz hartu dute albistea. Oso maitatua sentitu naiz egunotan; izan ere, ekarri dizkidaten opariak eta esker on hitzak deskribaezinak dira. Oso eskertuta nago bezeroekin.
Lehenengoa izan zinen estetika zentro bat herrian irekitzen, gainera, ezta?
Hala da; ile-apaindegiak bazeuden, baina estetika zentro gisa honako hau izan zen lehenengoa. Eskoriatzan nire zerbitzua izango da pertsona berak ireki eta pertsona berak uzten duen bakarra; edo hala uste dut. Izan dira komertzio batzuetan urte asko eraman dituztenak eta modu batera edo bestera beste pertsona bati utzi diotenak, semeak edo alabak hartu du negozioa… Horrez gain, gremio honetan, gainera, haustura bat-edo markatu zuen zerbait ere erabaki nuen une batean: zapatuetan itxita mantentzea. Bezero batzuek ez zuten oso gogoko izan erabakia, baina hala izan zen. Ez da ohikoa, baina orduan hartu nuen erabakia ondo hartutakoa izan zela uste dut.
"Markatu zuen zerbait ere erabaki nuen une batean: zapatuetan itxita mantentzea"
Hasi zinenetik hona aldatu egin dira gauzak?
Ireki nuen modu berean dago lokala, berdin-berdin. Izan genuen sute bat, Bartzelonan ikastaro bat egiten nengoela, eta, suhiltzaileek sutea itzali arren, hasieran nuen modu berean mantendu nahi izan nuen lokala. Ate borobilak ditut jarrita, eta xarma berezia dute. Lokalaz gain, gogoan dut estetika zentro mistoa jarri nuen unea. Hastea kostatu arren, erantzuna ederra izan zen gero. Zerbitzuan ere izan dira aldaketak, teknologia aldetik aurrerapausoak ematen direlako, eta, laburbilduz, honako hauek izan dira eskaini ditudan zerbitzu batzuk: solariuma, gorputz-tratamenduak, larruazalaren oxigenazioak, funtsezko olioekin masajeak, argizariarekin lanak…
"Nik ireki nuen eta nik itxiko du, 44 urteren ostean; errelebo barik, ez da ohikoa"
Behin betiko itxiko da Edurne Estetiko Zentroa ala egongo da negozioan erreleborik?
Maiatzaren 31n erretiratuko naiz. Erreleboa izango den ez dakit. Gertuko batek esan dit bere alaba estetikako ikasketak egiten ari dela eta, agian, izan dezakeela interesa, baina ez da ezer ziurra. Gustatuko litzaidake norbaitek jarraitzea eta, posible bada, orain dagoen modu berean mantendu ahal izatea. Lana bada herrian… Azpimarratzekoa da, nire ustez, zenbait familiatako hiru belaunaldi, behintzat, pasa direla Edurne Estetika Zentrotik: amona lehenbizi, alaba gero, eta ilobak.
Esan duzu esker mezuak jaso dituzula egunotan bezeroen partetik. Hala ere, haiei ere eskerrak eman nahi dizkiezu?
Noski, duda barik. Haiek ari dira eskerrak ematen, baina nik eman nahi dizkiet. Itxi egingo dudala jendea ohartarazteko eta eskerrak emateko Eskerrik asko 1979-2023 jartzen duen kartel bat jarriko dut erakusleihoan, bailarako eta, bereziki, Eskoriatzako bezeroei zuzendutakoa.