11:30an emango diote hasiera egunari txistulariek, kalejira eginaz. 12:00etan, berriz, Eskoriatzako talogileak talo goxoak prestatzen izango dira kontzejupean, eta, horrekin batera, umeentzako puzgarriak izango dira Fernando Eskoriatza plazan. Gainera, ziza-saskiaren zozketako txartel salmentak ez du hutsik egingo, beste behin.
Bazkarirako txartelak salgai Paella-jana herrikoia egingo da Inkernu kanpoaldean, eta txartelak salgai jarri dituzte. Hain zuzen ere, 15 eurotan daude, Inkernu tabernan, eta 14 urtera artekoek hamar euro ordaindu beharko dituzte. Bazkalostea girotzen eta bertaratzen direnak entretenitzen, berriz, kantuen bertsioak egitea pasio duen Pasai Donibaneko Andoni Ollokiegi musikaria arituko da oholtzan gitarrarekin.
Iluntzean txaranga
18:30ean, buruhandiak izango dira, eta, ondoren, Ad Libitum musika elkarteak girotuko ditu kaleak. Eskoriatzako hamahiru musikarik osatutako taldea da Ad Libitium, eta, iaz San Pedro egunean eta Eguberri goizean zenbait pieza eskaini arren, maiatzaren 13an egingo dute debut ofiziala. Elkartearen helburu nagusia musika-adierazpena kalera ateratzea izanda, askotariko formatuak lantzen dituzte: brass banda, txaranga eta abar. Hala, txaranga formatuan izango dira, kalejirako piezak eta abesti ezagunen pop estiloko moldaketak joz.
Gauean, berriz, egitaraua ixteko, Etxepe taldeak eskainiko du kontzertua, 22:00etan, Inkernu taberna kanpoaldean
Etxepe-ren musika urbanoa gauean
Arrasateko Etxepe taldeko kideek Gozategi taldearen kantu bati letra jarri eta Alboka abestiarekin izan dute arrakasta. Otsailean Etxepe Kids mixtape-a aurkeztu, eta egiten ari diren biran aretoak eta plazak betetzen ari dira erritmo urbanoekin betetako kantuekin. [ETXEPE taldeko Markel Mendizabali egindako elkarrizketa Galdegazte saioan].