Azken urteetan moduan, Literatura Juntaixe egitasmoan, liburu eta mokadu ederren artean bildurik, irakurketak partekatzeko une bizitzeko aukera izango dute, 12:30ean, Zaldibar antzokian batzen direnek. Dorleta Kortazar ipuin kontalariak gidatuta, Iñigo Beitia, Ainara Zubizarreta, Mª Jose Hernandez eta Loli Iñurrategi arituko dira irakurle moduan, eta musikariak, berriz, Beñat Arrieta eta Gari Barandiaran izango dira.
'Katuen kontuak': Joseba Sarrionaindia eta Ines Osinaga
Domeka arratsaldean, 19:00etan, aldiz, Katuen kontuak emanaldia izango da, Zaldibar antzokian. Bertan, musika eta literatura uztartuko dituzte; dozena bat kantu eta kantu bakoitzari sarrera literario bat. "Bidaia luzeko kantuak dira, edo, hobeto esanda, kantuak dira bidaia", sortzaileen esanetan.
Joseba Sarrionandiak sortu zituen testuak Kuban duela ia hamar urte. Hitzei, musika jarri zien Gose musika taldeko Ines Osinagak eta Gosariak proiektua gauzatu zuen. Orain, idazlea Euskal Herrian dela, letra horien jatorria eta zergatia azalduko ditu Osinagaren musikaz lagunduta.
Sarrera bost eurotan egongo da salgai aldez aurretik, kiroldegian edo bibe.me webgunean.