Eskomotor Eguna antolatu dute lehenengoz

Imanol Beloki Unamuno 2023ko api. 5a, 12:35

Iaz, Eskoriatzako rallysprinta egin ostean.

Herriko motorzaleek antolatuta, maiatzaren 20an ospatuko dute eguna; eskupilota partiduak, ibilgailu klasikoen erakusketak, herri-bazkaria, kontzertuak… izango dira. Hori guztiori, aurtengo Eskoriatzako rallysprinta antolatzeko dirua ateratzeko asmoz.

Eguna iristeko denbora dezente geratzen den arren, Eskomotor taldeko kideek maiatzaren 20rako prestatu duten egitarauaren berri eman dute sare sozialen bitartez. "Jai hori antolatzearen asmoa da dirua lortzea Eskoriatzan rallysprinta antolatzeko. Ea egin dezakegun… Horrekin batera, motorzaleak batzea, zaletasuna sustatzea eta, motorra aitzakia, egun ederra pasatzea", adierazi du Eskomotor taldeko Gorka Idigorasek.

Eguna hasteko, 09:00etan, eskupilota txapelketa jokatuko da Joseba Iñurrategi frontoian. "Oraingoz, zortzi bikotek eman dute izena, eta 16 bikoteko muga ezarri dugu. Partiduak hamabi tantora izango dira, eta bost eta erdiaren barruan jokatuko dira". 10:00etan, berriz, 4x4 trialeko autoak, auto klasikoak, lasterketa autoak eta motorrak ikusteko aukera izango da, zenbait gunetan jarriko duten erakusketarekin.

Ibilgailu klasikoak erakusgai

10:00etatik aurrera, Gorosarri plazan, 4x4 trialeko autoak izango dira, Santa Marina plazan auto klasikoak, baita motorrak ere, eta Fernando Eskoriatza plaza parean lasterketako autoak izango dira ikusgai. 13:00etan, trikipoteoa egingo dute, eta 15:00etan, berriz, herri-bazkaria izango da frontoian. Txartelak 25 eurotan jarriko dituzte salgai apirilaren 17ko astean, Aldatz eta Inkernu tabernetan, eta horiek erosteko azken eguna maiatzaren 15a izango da. Menua, berriz, Euskal Parrillaren eskutik, honako hau izango da: entsalada mistoa, txerri-saiheskiak eta baserriko oilaskoak parrillan, eta Ezeizako pasteltxoak. Edaria, kafea eta ogia barne, sagardo-kupela ere jarriko dute.

Kontzertuak, 21:00etan, plazan

Bazkalostean, 17:30ean, eskupilotako finala jokatuko da, eta, ondoren Oier Mendizabal Mutrikuko DJak girotuko du musikarekin. Horren ostean, 21:00etan, punk-rock estiloa uztartzen duten taldeen musika kontzertuak izango dira Fernando Eskoriatza plazan. Oihu!, Youth United, Erne eta Txakurrak taldeak izango dira oholtza gainean. Emanaldiak amaitzen direnean, Mendizabalek musika dantzagarria jarriko du, egunari amaiera emateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak