Agintaldia amaitzear dela, herritarren zenbait eskaera

Imanol Beloki Unamuno 2023ko mar. 29a, 18:06

Eskoriatzako osoko bilkuren aretoa, beteta, martitzenean.

Martxoko ohiko osoko bilkura egin dute asteon Eskoriatzako udalbatzako kideek, eta gai zerrendako puntuak tratatzeaz gain, galde-eskeen tartean, herritarren eskaerak jaso dituzte.

Martxoko ohiko osoko bilkuran herritar ugari batu zen, baina, haiek hitza hartu aurretik, egunerako prestatutako gaiak tratatu zituzten udalbatzako kideek. Horietan azpimarratzekoak izan ziren dirulaguntzen plan estrategikoa aldatzea, batetik –hau da, Ikasklik! programa gauzatzeko partida onartzea–; eta EH Bilduk Uraren Nazioarteko Egunaren baitan aurkeztutako mozioa, bestetik. Azken horretan, Eskoriatzako Elizateen Elkartea abstenitu egin zen EAJk ezezko bost boto eman zituen; eta EH Bilduren lau baiezkorekin, ez zen onartua izan.

Erretiratuen taberna hizpide

Gai horiez gain, abenduan itxi zen jubilatuen taberna izan zuten berbagai galde-eskeen tartean, eta gaiarekin arduratuta batu ziren herritarrak osoko bilkuren aretoan: "Behin COVID-19ak sortutako nahitaezko isolamendu-aldi luzea amaituta, eta adin honetan hain beharrezkoak diren sozializazio-prozesuak nolabait berriro hasten direnean bakardade arazoak saihesteko, erretiratuen taberna eta kultura-etxeko lokalak une txarrenean itxi dira". Hala, jubilatuen taberna herriko nagusien euren elkargunea ere bazela esanda, honako galderak egin zizkieten udal ordezkariei: "Hartu duzue neurriren bat taberna irekitzeko? Zein kudeaketa egin behar da?...".

Horren ildora, Josu Ezkurdia EAJko bozeramaile eta jarduneko alkate jardun zuenak honako hau erantzun zien: "Argi utzi nahi nuke erretiratuen taberna itxita egotearen erantzukizuna Udalarekin sinatuta zuen kontratua hautsi duen pertsonarena dela". Maite Uribek EAJko zinegotziak gaineratu zuenez, "Olazar Erretiratuen Elkarteko presidentearekin eta idazkariarekin hitz eginda, mahai gainean jarri zuten Antzuolan dagoen sistema, esaterako, baina ez dago ezer erabakita. Haiek zer esango zain gaude. Etorri dira zenbait herritar informatzera, baldintzak jakiteko, baina ez dago eskaerarik". Horren baitan, Dorleta Sologaistoa EH Bilduko zinegotziak gaineratu zuen ondo legokeela amaiera-data bat ezartzea erabakia hartzeko. Ekarpena ondo ikusita, horrela utzi zuten gaia.

Herritar ugari batu zen Eskoriatzako osoko bilkuren aretoan, martxoko osoko bilkuran.

Eskaera partikularrak

Erretiratuen tabernaz gain, animalien gaineko ordenantzagatik ere galdetu zuten; zirriborro bat eginda, martxan dagoela erantzun zuten, eta Aranburuzabala kalean errekan dagoen sastraka piloa ibaiaren pasoan traba egiten dagoela salatu zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak