EEEren erabakia: 40 urteren ostean, lozorrora

Imanol Beloki Unamuno 2023ko mar. 24a, 08:00

Eskoriatzako zazpi elizateetako eta Leteko auzo-alkateek kargua hartu zutenekoa.

Eskoriatzako Elizateen Elkartea (EEE) 1983an aurkeztu zen lehenengoz udal hauteskundeetara, eta aurten ez dela aurkeztuko jakinarazi du. Apirilaren 23a da azkenengo eguna hautagaiak aurkezteko, baina erabakia irmoa da.

Maiatzaren 28ko udal hauteskundeei begira aurkeztu edo ez baloratzen aritu da Eskoriatzako Elizateen Elkartea. Azkenean, ez aurkeztea erabaki dute auzo-alkateek, EEEko Udaleko bozeramailearekin batera, eta horren zergatia arrazoitu dute asteon, auzotarrei bidalitako ohar batean.

Eskoriatzako Elizateen Elkartea ez da aurkeztuko maiatzaren 28ko hauteskundeetara

"Duela hilabete zabaldu genuen oharrean, 2023ko hauteskundeei begira EEEren zerrendak osatzeko aldez aurretiko jarreragatik galdetu genuen, eta, era berean, jakinarazi genuen taldea osatu ezean EEE ez zela udal hauteskunde hauetan talde independente bezala aurkeztuko. Bada, hilabete pasatu da eta ez da taldea osatzeko lagun-talderik aurkeztu. Haatik, elizateak eremu bizigarriago bilakatzeko lanetan jardungo duen udal ordezkari politikoa lortzeko aukerarik ez da egongo", adierazi du Leire San Vicentek, EEEko bozeramaileak.

Esker mezua guztiei

Zerrendan joateko prestutasuna egon arren, zerrendaburu joateko ez dago inor gertu. "Lan-zama handia hartzeko nahi gutxi dagoenez, erabaki dugu lozorroan sartzea". Azken berrogei urteetan lan handia egin du EEEk auzo eta elizate bakoitzeko errealitatearen berri Udalari emanaz eta behar konkretuei ahalik eta modu eraginkorrenean erantzunez. Hori horrela, eskerrak eman dizkiete urte hauetan guztietan buru-belarri lanean jardun duten zinegotzi guztiei. "Eskerrak eman ere urte hauetan euren borondate onenarekin lanean jardun duten auzo-alkate guztiei, haiek baitira EEEren makulu inportantea. Ez dugu aipatu gabe utzi nahi gainerako talde politikoetako kideak, baita udal teknikariak ere. Haien lanari esker, bizi-baldintzak hobetzeko aukerak zabaldu eta proiektuak egikaritu egin dira. EEE ez da talde independente bezala disolbatuko".

Lurra lantzen jarraituz

Hurrengo agintaldiei begira auzotar talde bat antolatuz gero aukerak zabalik utziko dituela EEEk dio San Vicentek: "Elkartea berpizteko eta misio eta bisio berri bat birdefinitzeko aukera egon liteke. Elizateetan lan handia dago egiteko oraindik, eta aurrerantzean forma berri bat hartuko du horren kudeaketak. Hain zuzen, dei egin nahi diegu udal ordezkari politikoei albo batera utz ez dezaten, mantendu dezaten eta hobetu dezaten bertan dagoen ondare kultural, natural eta ekonomikoa. Modu batera edo bestera lurra lantzen jarraituko dugun zalantzarik ez dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak