Literatura erotikoa eta feminista protagonista Eskoriatzan

Iñigo Barrena Kortabarria 2023ko mar. 19a, 16:03
Idazleak euren liburuak eskutan dituztela. Argazkia: Imanol Soriano

Eskoriatzako emakume feministak antolatuta, bailarako hiru idazle gonbidatu dituzte euren liburuak aurkeztu eta literatura erotikoaren inguruan berba egiteko

Judit Ruiz de Munain (Aretxabaleta), Jaione Fernandez de Jauregui (Eskoriatza) eta Emma Iñiguez (Arrasate) idazleak izan dira gonbidatuak Eskoriatzan, Zaldibar antzokian egin duten ekitaldian. Hirurek zuten euren lana aurkezteko "beharra" zutela aitortu du Judit Ruiz de Munain-ek eta horren ondorioz antolatu dutela aurkezpena. Liburua aurkezteaz gain, emakumeen ikuspuntutik literatura erotikoari buruz hitz egiteko ere aprobetxatu dute.

Lehenik, idazle bakoitzak liburuaren pasarte bana irakurri dute, ondoren horren inguruan hitz egiteko. Ruiz de Munain-en ustetan oraindik horrelako gaien inguruan hitz egitea "tabu" izaten jarraitzen du eta literatura erotikoa idaztera animatzen direnak "ausardia" erakusten dutela. Bestalde aitortu du gizartea, gutxinaka bada ere, "aurrera" egiten ari dela eta geroz eta jende gehiago animatzen dela literatura erotikoa irakurtzera. "Amazon bezalako plataforma batean salduenen artean dago literatura erotikoa" azpimarratu du Ruiz de Munain-ek.

Ekitaldiaren bigarren zatian solasaldia izan dute bertaratu direnekin eta Aretxabaletako idazlearentzat hori da garrantzitsuena. "Adineko pertsonek eskertu egiten digute horrelakoak idazteagatik eta guretzat ere politena da beraiekin hitz egitea eta iritziak partekatzea" dio Ruiz de Munain-ek.

Ez da lehen aldia aurkezpen hau egin dutela, duela aste pare bat Legazpin izan ziren eta orduan "harrera ona" izan zutela esan du idazle aretxabaletarrak. Aurrera begira ere aurkezpenekin jarraitzeko asmoa ere azaldu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak