Eskoriatzako Udalaren haurrei eta nerabeei zuzendutako zerbitzuek, hau da, Tortolis ludotekak eta gaztelekuak, udaberriko oporraldirako ekintzak prestatu dituzte. Egun hauetan urtero izaten dute herriko gaztetxoek zerbitzu batean edo bestean antolatutako ekintzak, eta, ohiko planteamenduari jarraituz, oraingoan ere izango dute lagunartean disfrutatzeko aukera. Izan ere, gaztetxoenek ekintza-sorta ederra izango dute apirilaren 3an, 4an eta 5ean, eta nagusiagoak direnek, berriz, Aretxabaletako gaztelekukoekin batera Bixi desafixua izango dute, besteak beste.
Tortolisekoen programa
Tortolis ludotekak 2023ko Aste Santuko lehen opor egunez gozatzeko herriko haurrei zuzendutako aisialdi-programa berezia antolatu du. LH-1 eta LH-6 bitarteko haurrei zuzendutako ekintzak izango dira; hau da, 6 eta 12 urte bitartekoentzat, eta honela zehaztu dute egitaraua: LH-1ekoentzat eta LH-2koentzat, altxorraren bila, sukaldaritza, tirolinara irteera, jolasak, olinpiadak eta slime-a; LH-3koentzat eta LH4koentzat, bizikleta irteera, erronka jolasak, altxorraren bila, sukaldaritza eta zirku jolasak; eta LH-5ekoentzat eta LH-6koentzat, bizikleta irteera, orientazio jolasak, igerilekura irteera, olinpiadak, altxorraren bila eta sukaldaritza.
"2021eko Gabonetan ez genuen ohiko jolas-parkea antolatu pandemiaren eraginez, eta haren ordez udaberriko parkea egin genuen. Hala, pandemia aurreko programara bueltatu gara, eta helburua urterokoa da: egun hauetan guraso gehienak lanean daudela, zerbait berezia eginez aprobetxatzea. Herrigunean arituko dira ludotekako erabiltzaileak, eta parte hartzera animatzen ditugu…", adierazi du Maider Etxanizek, Eskoriatzako Udaleko Gazteria teknikariak.
Izen-ematea zabalik dago
Apirileko hiru egun horietan 10:00etatik 13:00etara arituko dira haurrak jolasean Eskoriatzako askotariko txokoetan, Tortoliseko Maialen Lete, Ane Arraeta eta Iker Mediavilla hezitzaileen gidaritzapean, eta, izena emateko epea martxoaren 10ean irekita, hilaren 25era arte dute aukera emateko. Bi bide jarri dituzte horretarako: online, Eskoriatza.eus webgunearen bitartez, edo astelehenetik egubakoitzera, 16:35etik 19:15era, Tortolis ludotekara joanda. Prezioa 30 euro da.
Lexargarateko abentura
Nerabeentzat, bestalde, apirilaren 3rako eta 4rako plana antolatu dute Aretxabaletako eta Eskoriatzako gaztelekuek elkarlanean, eta, iaz antolatu zuten egitaraua arrakastatsua izan zela kontuan hartuta, antzerakoa egitea proposatu dute Eskoriatzako gaztelekuko Dorleta Ezeiza, Leire Lezeta eta Olaia Benito hezitzaileek.
Apirilaren 3an Lexargaratera joango dira egun-pasa, han proba batzuk egingo dituzte taldeka eta iluntzean etxera itzuliko dira. Apirilaren 4an, berriz, herrigunean egingo dituzte ekintzak, 12:00etatik 17:00etara bitartean. Tortilla lehiaketa, bazkaria eta kontzertua egingo dira egun horretan. "Iaz, tortilla lehiaketa egin ostean, Oihu taldearen kontzertua izan genuen. Aurten, modu berean antolatu dugu, baina oraingoan izango dugun emanaldia formatu akustikoan izango da. Hain zuzen ere, Garazi Barrena musikari arrasatearra izango dugu gurean", adierazi du Etxanizek. Hori horrela, bi eguneko ekintza horietan parte hartu nahi duten interesdunek bost euro ordaindu beharko dituzte, gaztelekuan bertan.