Aldaype Ehiza eta Arrantza Elkartekoek beste urte batez antolatutako ehiza txikiko txapelketa jokatu zen joan den asteburuan Zanbranan (Araba). Eskoriatzatik hamazazpi lagunek hartu zuten parte lehiaketan: beteranoetan zazpi lagunek eta senior kategorian hamar kidek. Haien artean, senior kategorian, Alex Oiarzabalek irabazi zuen, Xane txakurrarekin, bost eper eta galeper bat ehizatuta. Haren osaba Rafa Oiarzabal, berriz, beteranoetan nagusitu zen, Lai txakurrarekin, bost eper ehizatuta.
Alex Oiarzabal eskoriatzarrak ez du hutsik egiten txapelketa horretan, eta pozik geratu da egindako lanarekin. "Txapelketa horretan askotan aritu naiz, baita irabazi ere. Juniorretan, esaterako, 18 urterekin, Aldaypekoa egin, Gipuzkoakorako sailkatu eta Euskadikoa irabazi nuen. Urtero joaten gara Zanbranako leku berera; ondo ezagutzen ditugu hango bazterrak… 08:00 inguruan eperrak askatzen dituzte eta ekitaldia hasten da; amaiera, berriz, 12:00-12:30 artean izaten da. Hasieran lortzen dira eper gehien, normalean, baina, nire kasuan, ez zen horrela izan: amaiera aldera lortu nituen ia eper guztiak; zorte kontua izaten da. Xane txakurra ere oso ondo aritu zen: 12 urte ditu eta haren azkenengo txapelketa izan da honako hau. Amaierarako txakurrak ezin zuen jarraitu; izan ere, 22 kilometro egin genituen, guztira.
Bost lagun hurrengo fasera
Txapelketan parte hartu nahi duten bazkideek baldintza batzuk bete behar izaten dituzte: lehenik eta behin, Aldaype elkarteko bazkide izan behar da, Aldaype elkartetik federatuta egotea ezinbestekoa da, arma-baimena izatea, ehiza-baimena eta federazio-lizentzia indarrean izatea. Hala, baldintza horiek beteta, parte hartu zutenetatik, bost izan ziren sailkatuak: senior kategoriako hiru lagun eta beteranoen kategoriako bi sailkatu ziren herriarteko faserako. Seniorretan: Alex Oiarzabal, Aratz Kortazar eta Andoni Etxenausia; eta beteranoetan: Rafa Oiarzabal eta Jose Mari Zubizarreta. Hurrengo fasea irailean jokatuko dute.