Lau sailetan banatuta –Kultura, Euskara, Garapen Ekonomikoa eta Gizartea– 2023an eskatu daitezkeen dirulaguntzen berri eman du Eskoriatzako Udalak. Etxez etxe banatu dituzte triptikoak, eta bertan zehazten da informazio guztia; udal webgunean ere irakur dezakete interesdunek.
Lau sailetan banatuta
Kulturaren barruan, kultura arloko ekintzak finantzatzeko eskatu ahal izango da: urte osoko egitarauetarako nahiz ekintza puntualetarako. Horrekin batera, Eskoriatzako kaleetan eta kaleko auzoetan jaiak antolatzeko eskatu ahal izango da. Euskarari dagokionez, berriz, egindako euskara ikastaroak ordaintzeko eskatu daitezke. Garapen Ekonomikoari dagozkionez, establezimenduak euskaraz errotulatzeko eta irudi korporatiboa hobetzeko, negozio bat irekitzeko edo eskualdatzeko lokalak alokatzeko edo erosteko, edo herriko merkataritza eta ostalaritza zerbitzuetan erosketak sustatzeko. Azkenik, Gizarteari dagokionez, adikzioen tratamenduetan tratamendu-zentroetarako joan-etorriak ordaintzeko, gizarte larrialdietarako laguntzetan baliabide ekonomiko nahikorik ez duten pertsonei laguntzeko, energia-bonua eskatzeko –kasu horretan, baliabide ekonomiko nahikorik ez duten pertsonek, etxebizitzako energia-gastua finantzatzen laguntzeko–, gobernuz kanpoko erakundeek garapen bidean diren herrialdeetan lankidetza-proiektuak gauzatzeko eta gizarte arloko ekintzetan gizarte zerbitzuen arloan jarduerak egiten dituzten irabazi asmorik gabeko elkarteei laguntzeko.
Dirulaguntzak eskatzeko erak
Eskaerak bi modutan egin ditzakete eskoriatzarrek: aurrez arre, udaletxean, H@zi zerbitzuaren bitarteaz, 08:00etatik 14:30era bitartean; edo era telematikoan, etxez etxe banatu dituzten eskuorrietako QR kodea irakurriz edo Eskoriatzako udal webguneko tramiteetan urratsak jarraituz.