Herrian zehar kantatzera, ziria janariz beteta dutela

Imanol Beloki Unamuno 2023ko ots. 13a, 10:54

Eskoriatzako ikastetxeetako haurrak Ibarraundi kanpoan atseden hartzen, kantuan aritu ostean, Urdelardero Egunean.

Aurten, berritasun moduan, Arizmendi ikastolako Jose Arana guneko eta Luis Ezeiza Herri Eskolako haurrak batera irtengo dira Eguen Gizenean, adinaren arabera, herriko eremu ezberdinetara, Urdelardero kantua abestera eta horren trukean gozokiak eskatzera.

Goiza pasatzeko ziria janariz beteta dutela eta baserritar jantzita, herriko kaleetan zehar arituko dira Eskoriatzako gaztetxoak otsailaren 16an, goizean, kantuan. Lehen Hezkuntzako ikasleak eta lehenengo eta bigarren mailetakoak irtengo dira lehenbizi, 10:00etan; eta 10:30ean, berriz, Haur Hezkuntzakoak aterako dira, 3, 4 eta 5 urtekoak.

Adinaren arabera banatuta

Aratusteetako Eguen Gizenean ohitura da Eskoriatzan Urdelardero Eguna ospatzea. Orain arte, ikastetxe bakoitzak bere aldetik ospatu du; taldeetan banatuta, herriko hainbat txokotan aritu izan dira kantuan eta gozokiak eskatzen, baina aurten adinaren arabera banatuta arituko dira bi ikastetxeetako umeak elkarrekin. "Aurten lortu dugu bi ikastetxeetako haurrek batera ospatzea Urdelardero. Orain arte, bakoitza bere aldetik aritzen zen, eta gero, Fernando Eskoriatza plazan elkartzen ginen. Aurten, berriz, adinaren arabera banatuta arituko dira, Eskoriatzako haur moduan, eta hori poztekoa da", adierazi du Maitane Gomez de Segurak, Luis Ezeizako irakasleak.

3 urteko haurrak Huhezi unibertsitate eta Dorleta auzo inguruan arituko dira; 4 urtekoak, Olaeta inguruan; 5 urtekoak, Santa Ana eta Olazar aldean; Lehen Hezkuntzako lehenengo mailako haurrak, aldiz, Jose Aranan nagusien egoitzan hasiko dira, eta gero, Manuel Muñoz kiroldegiaren eremura eta Intxaurtxueta aldera joango dira; eta, azkenik, Lehen Hezkuntzako bigarren mailako haurrak Udal Bibliotekatik pasatu eta San Pedro eta Intxaurtxueta auzoetan arituko dira. Haur talde bakoitza bere eremuan aritu ostean, Fernando Eskoriatza plazan elkartuko dira, 11:30ean.

Txistor beganoa aukeran

Txistor-jana izango da Fernando Eskoriatza plazan haur guztientzat, nahiz eta zirian eramaten dutena janda zein gozokiekin tripa beteta, asko gose barik egongo diren. Hala, aurten txistor beganoa ere izango da, txerrikirik jan ezin duten horiek ere lasai jan dezaten.

Arratsaldeko ekintzak

Arratsaldean ere jarraituko dute Urdelardero Eguneko ekintzek. 17:00etan, Gari, Montxo eta Joselontxo pailazoen Petitxou ikuskizuna izango da, Zaldibar antzokian. 18:00etan,Inauterietako dantza izango da, plazan, eta ondoren, txokolatea hartzeko aukera izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak