Kinttaden Egun borobila, herri bazkariarekin estreinakoz

Imanol Beloki Unamuno 2023ko ots. 9a, 15:40

Kinttaden Egunak ez du hutsik egin aurten ere. Hamaika urte pasatu dira ekintza parte-hartzaile hori martxan jarri zutenetik, eta adin askotariko eskoriatzarrak batu, bazkaria egin eta gero herriko tabernetan giroa izateko egitasmoak sugarrak piztu ditu oraingoan ere. Giro aparta izan da eta jendetza ibili da. Argazkietan, 1972, 1979, 1987/88, 1989, 1990, 1992, 2000, 2001, 2002, 2003 eta 2005eko kintadak.

Estreinakoz herri bazkaria izan da Manuel Muñoz kiroldegian, Itzartu Gazte Taldeak eta Eingeinke egitasmoak antolatuta. Bederatzi kintada izan ziren bertan bazkaltzen –280 lagun–; tartean, aurtengo Santa Ageda neska-mutilak. Jana aparta izan zen, txotx egiteko aukera eta bapo bazkaldu ostean musika eta dantza. Hala ere, bertan batu ziren kintadez gain, bazkaltzen ematen duten herriko taberna guztietan izan ziren kintaden bazkariak; Gure Ametsa jatetxera eta Maulandara herrigunetik irtenda joan ziren hainbat lagun, baita Aretxabaletako jatetxeren batera ere, kasuren batean. Gauzak horrela, ondo errotuta dagoen jaiegun horretarako Eskoriatzan bazkaltzeko leku gutxi daudela argi geratu da, baina herriko gazteek egoerari buelta ematen asmatu dute, eta mugarri bat sortu.

Dantzak domeka honetan

Amaitu da Kinttaden Eguna, baina Santa Ageda neska-mutilek azken hitzordua izango dute domeka honetan, 19:00etan, Fernando Eskoriatza plazan. Izan ere, dantzak egingo dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak