Kepa Maidagan hirugarren izan da Freeride World Tour Txapelketan

Eki Letona Erretolatza 2023ko ots. 7a, 09:34
Noam Rouiller, Hugo Solorzano eta Kepa Maidagan, podiumean.

Kepa Maidagan eskoriatzarrak hirugarren postua lortu zuen Freeride World Tour Txapelketan aurreko aste bukaeran, Baqueiran. Hain zuzen, 16 urte dituenez 16 urtez azpiko txapelketan lehiatu zen. 500 puntu lortu zituen jaitsieran eta, haren jarioa, teknika eta hartutako arriskua ebaluatu ostean, podiumera igo zen. Haren aurretik Hugo Solorzano baqueirarra eta Noam Rouiller suitzarra gelditu ziren. 

Nola joan zen txapelketa?

Ondo; eguraldi kaskarra egin zuen asteburuan zehar. Egubakoitzean elurra eta lainoak izan ziren eta ezin izan genituen pistak ikusi, eta zapatuan gauza bera. Azkenean, igandea oskarbi iratzartu zen eta jaitsiera lehen aldiz ikusi ahal izan genuen. Ondoren, zorionez, dena ondo joan zen.

Zer espero zenuen? Eta nola hartu zenuen podiumera igotzea?

Nik espero nuen ondo jaistea eta ez erortzea. Eta, batez ere, originala izatea. Ez nuen espero podiumean sartzea, nire helburua lehen 5-10 postuen artean gelditzea zen. Hirugarren postuan gelditu nintzela esan zidatenean, kafetegiko sofan nengoen nagusien txapelketa ikusten. Momentu hartan erdi lo egon arren, oso pozik eta harro hartu nuen saria.

Zein da zure asmoa etorkizunerako kirol honetan?

Datorren urtean txapelketak zailagoak izango dira. 16 urtez azpikoetan lehiatzeari utziko diot eta nagusiekin lehiatuko naiz; zailagoa izango den arren, lanean jarraituko dut, eta podium gehiagoren bila.

Nola prestatu zinen txapelketarako?

Betiko moduan; ez nuen ezer bereizirik egin. Taldearekin eskiatu eta monitorearekin nire jaitsiera posibleari buruz hitz egin nuen; hori izan zen nire prestaketa.

Nola hasi zinen kirol honetan?

Txikitatik gurasoekin pistetako eskia eta mendi-zeharkako eskia egin dut; zaletasun handia dago familian. Ondoren, pistetako eski-klub batean eman nuen izena, baina ez nengoen konforme. Nik pistaz kanpoko jaitsierak eta saltoak nituen gustuko, eta Freerideko klubean eman nuen izena. Ordutik hona, oso gustura nabil, eta hiruzpalau urte pasa dira.

Kepa Maidagan Pagaldai, irteera-postuan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak