Argentina eta Eskoriatza, punk musikak batuta

Imanol Beloki Unamuno 2023ko ots. 3a, 08:09

Diskoaren azala, Eskoriatzako San Pedro elizan oinarrituta.

Zenbait argentinarren eta Iker Luarizaristi eskoriatzarraren artean sortutako musika proiektua da Los Saneadores, eta, diskoa grabatu berri, Viejos fantasmas izeneko kanta jarri dute asteon, jendaurrean; sareko plataforma guztietan dago entzungai.

Bi argentinarrek –Juancho eta Chirola – eta eskoriatzar batek –Iker Luarizaristi– osatutako punk talde berezia da Los Saneadores. Eta haiekin izan dute bidelagun Pedro J. Monge, Chromaticity Studios-eko teknikari bizkaitarra; abestiak nahasteaz eta masterizatzeaz arduratu da eta baxuak ere hark grabatu ditu, taldekide moduan ez aritu arren. Chirola eta Luarizaristi aspaldiko lagunak dira, urte askoan izan dira elkarri musika bidaltzen, eta, sekula elkartu ez diren arren, gaur egungo teknologia berriei esker disko bat grabatu ahal izan dute.

Disko fisikoa, otsailean

Iker Luarizaristi da taldeko abeslaria eta proiektuaren sortzailea. Egindako kantuei ahotsa hark jarri arren, musikaren parte instrumentala musikari argentinarrek jarri diote. Bakoitzak bere aldetik grabatu du eta egindakoa batu egin dute gero. Hala, oraingoz, Viejos fantasmas kantua bakarrik jarri dute entzungai plataforma digital guztietan. Hala ere, jakinarazi du laster igoko dituztela Internetera diskoak batzen dituen gainontzeko kantuak: "Otsailaren 6an, astelehenean, beste abesti bat jarriko dugu plataforma digitaletan eta otsailaren 14an, berriz, disko osoa. Bederatzi abesti eta bonus bat ditu lanak; hamar, guztira. Diskoa fisikoki, berriz, otsail amaierarako izatea aurreikusten dugu".

Kolaborazio ugari

Vuelko taldeko gitarra-jolea da Luarizaristi, eta, proiektu hau gauzatzeak denbora asko kendu dion arren, haren ametsa bete eta gustura geratu da emaitzarekin. Gainera, proiektua aurrera eramateko pertsona askoren kolaborazioa jaso du: Evaristo (Tropa Do Carallo), Xabi (Vuelko), Koke (Asalto), Matias (Piquillin Y Los Compadre) anaia eta Hodei Luarizaristi.

Argentinan zuzenekoak

Emaitzarekin gustura, hurrengo urratsa Argentinara joatea dela dio Luarizaristik, eta bertan zuzeneko batzuk eskaintzea. "Ez dugu ezer zehaztuta. Nire asmoa 2024ko udan Argentinara joatea da, eta zenbait kontzertu egitea, baina ikusiko dugu ea posible den…".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak