Arauak zehaztuta, bederatzi kintada batuko dira herri bazkarian

Imanol Beloki Unamuno 2023ko ots. 3a, 09:00

Kinttaden Eguneko herri bazkarian egongo diren bederatzi kintadetako ordezkariak, kultura etxeko batzarrean.

Kinttaden Eguna ospatuko da zapatu honetan, eta, aurtengo edizioan, Eingeinke ekimenekoek eta Itzartu Gazte Asanbladako kideek antolatuta, herri bazkaria egingo da Manuel Muñoz kiroldegian. Guztira, 280 pertsona batuko dira bazkaltzeko.

Gaur zortzi egin zuten Kinttaden Eguneko herri bazkarian parte hartuko duten kintada guztietako ordezkariek batzarra, kultura etxean. Catering bat kontratatu dute jatekoa prestatzeko eta zerbitzatzeko; udal brigadakoak ere izango dira laguntzen, baina Eingeinke ekimenekoek eta Itzartu Gazte Asanbladako kideek azpimarratu dute auzolana ezinbestekoa izango dela eta jarrera egokia mantentzea funtsezkoa izango dela.

Muntatu eta jaso, auzolanean

"Bederatzi kintada izango gara Manuel Muñoz kiroldegiko bazkarian eta 11:00etarako kintada bakoitzeko bi ordezkari bertan izateko eskaera egin dugu. Horrela, zenbait lagunen artean kantxako lurra estaltzeko eta, bide batez, mahaiak eta aulkiak jartzen laguntzeko. Horrekin batera, jarraitu beharreko arauak gogoraraziko ditugu. Bazkalostean, mahaiak eta aulkiak jasotzen lagundu beharko dugu, eta, 19:00etarako jasota izan beharko ditugunez, kintada bakoitzak erabaki dezala nola egin: lagun gutxi batzuek dena jasotzea edo kintada guztiaren artean egitea. Hala ere, kintada bakoitzak bere mahaiaz arduratu beharko du", adierazi dute Eingeinke ekimenekoek eta Itzartu Gazte Asanbladako ordezkariek.

Errespetatu beharreko arauak ere kontuan izateko eskatu dute antolatzaileek: kiroldegi barruan ez erretzeko, janariarekin ez jolasteko, suziriak ez sartzeko eraikinera –Santa Ageda neska-mutilei zuzendutako mezua–… Laburbilduz, gizalegez eta errespetuz jokatzeko.

Musika bozgorailuetatik

Zapatuko menua honako hau izango da: entsalada mistoa, baserriko oilaskoa eta txerri-saiheskia parrillan, Ezeizako pasteltxoak, ogia, kafea eta edariak. Horrekin batera, aukera beganoa eta gluten gabekoa ere izango da. Prezioa 23 euro da eta prezio horren barruan sartu dute garbiketa-enpresa baten kontratazioa. Musika jarriko dute bozgorailuetatik eta jarriko duten kantu sortaren aukeraketa irekita utziko dute, batzen diren guztien gustuko kantuak entzun daitezen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak