Athlonek kudeatuko du kiroldegiko zerbitzua

Imanol Beloki Unamuno 2023ko urt. 27a, 11:07
Athloneko ordezkariak kiroldegi aurrean, asteon.

Eskoriatzako Manuel Muñoz kiroldegiko Kirol Zerbitzua Athlon enpresak kudeatuko du otsailaren 1etik aurrera. Lehiaketa publikoa irabazi du Athlonek eta asteon batu dira udal ordezkariak enpresako arduradunekin kontratuaren xehetasunak aztertzeko.

2023ko lehenengo osoko bilkura egin dute asteon Eskoriatzako udalbatzako kideek, eta bertan, E-goitek SLren faktura ordaintzea –abenduko kirol zerbitzuak– izan zen gai zerrendako puntuetako bat. Aho batez onartu ostean, aurreratu zuten zuten orain arte Manuel Muñoz kiroldegian Eskoriatzako Udaleko Kirol Zerbitzua kudeatzen aritu den E-goitek enpresaren ordez Athlon enpresa hasiko dela zerbitzua eskaintzen. Hain zuzen ere, otsailaren 1etik aurrera izango du horren ardura.

Horren harira, asteon batu dira kiroldegiko zerbitzuaren gaineko xehetasunak aztertzeko, besteak beste, Athloneko kirol proiektu eta instalazioen koordinatzaile tekniko Iñaki Olaetxea, Athloneko kudeaketa arduradun Iñigo Murgiondo eta Manuel Muñoz kiroldegiko koordinatzaile Asier Urzelai, udal ordezkariekin eta teknikariekin, kiroldegian bertan.

Lehiaketa publikoa irabazita

Eskoriatzako Udalak aurkeztutako lehiaketa publikora lau enpresa aurkeztu ziren: Athlon Sintagmia, BPxport, UTE Ebone eta E-goitek. Horiek aurkeztutako dokumentazioaren esleipen-irizpideak baloratuta, puntuazio handiena Athlonek lortu zuen, eta lehiaketa irabazi. "Athlonek proposamenean pleguko puntu guztiei erantzuten die eta puntuazio handieneko proposamena berresteko adinako inplementazio eta egokitzapenak bideratzen ditu", adierazi zuen Eskoriatzako Udalak balorazio teknikoaren txostenean. Horrekin batera, Athlonetik jakinarazi dute barne antolaketan aldaketaren bat edo beste izan daitekeela, euren lan egiteko moduari jarraiki, baina ohiko zerbitzuak mantenduko direla azpimarratu dute.

"Kontratu berria urtebetekoa izango da, eta beste hiru urtez luzatu ahal izango da. Kontratatutako zerbitzuek kiroldegiaren kudeaketa barne hartzen dute (sarbideen kontrola, igerilekuko zaintza, etab.) eta igeriketa ikastaroak eta beste jarduera batzuk. Enpresak aholkularitza emango du kirol eta  jarduera fisikora orientatzeko zerbitzu berria jarriko da abian (Kirol Orientazio Zerbitzua - KOZ). Zerbitzuaren kostea 300.000 euro ingurukoa da urtean, ikastaroak, langileen kostea eta aholkularitza barne", adierazi dute Eskoriatzako Udaletik.

Bailaran ezaguna

Ibilbide luzea du Athlonek eta osasuna, jarduera fisikoa eta kirolaren alderdi ezberdinak lantzen eta adin guztietako jendearekin elkar-eragiten du. Aretxabaletako Ibarra kiroldegiko eta Oñatiko Zubikoako kirol zerbitzuez arduratzen da, besteak beste, eta, horietan moduan, Eskoriatzan ere herritarren ongizate maila hobetzen laguntzeko asmoz arituko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak