Enbido eta ordago artean karta-jokoa Inkernun datorren domekan

Imanol Beloki Unamuno 2023ko urt. 23a, 13:15
Inkernu tabernan jokatutako mus txapelketa bateko irudia.

Euskal Herriko XIV. Mus Txapelketa abiatzera doa eta Eskoriatzako kanporaketa urtarrilaren 29an jokatuko da, Inkernun. Lehen fasea otsailaren 26 arte izango da eta herrialdeko finalak martxoaren 11n jokatuko dira zazpi herrialdeetan.

Euskal Herriko Mus Federazioak antolatutako egitasmoak ez du hutsik egingo aurten ere Eskoriatzan. Herriz herri jokatuko da lehenengo kanporaketa, otsailaren 26ra arte, eta herrialdeko kanporaketak, berriz, martxoaren 11n izango dira. Euskal Herriko finala, aldiz, Bizkaian izango da aurten, Zornotzan, martxoaren 25ean, eta bertan egoteko ahaleginak egingo dituzte Eskoriatzako txapelketan parte hartuko duten bikoteek.

Aurreikuspena: zortzi bikote

Eskoriatzan garaile izaten den bikoteak 100 euro eta finalerdietarako pasea lortuko ditu. 16:00etan bertan batzeko dei egin dute eta mus partiduak 16:30ean hasiko dituzte, Inkernu tabernan. Izen-ematea, bikoteko, 20 euro da. Eskoriatzan zortzi erregetara jokatuko dutela azpimarratu dute; edozelan ere, hurrengo fasean lau erregetara jokatuko da.

"Euskal Herriko Mus Federazioak ezarritako arauak jarraituz urteak daramatzagu Eskoriatzan antolatzen. Izen-ematea egunean bertan egingo dugu, eta, aurreikuspenen arabera, ohiko jokalariak batuko dira bertan. Hala eta guztiz ere, azken urteetan gazteak ere animatu dira eta hori poztekoa da. Horrekin batera, lehenengo kanporaketa honetan, jokatzen duen bikote kopuruaren araberakoa da hurrengo kanporaketarako txartela lortzea. Hau da, bikote asko izaten badira jokoan, agian, bi bikotek lortu ahal izango dute hurrengo fasera pasatzea. Gure kasuan, zortzi bikote inguru izanda soilik, irabazleak lortuko du sari hori", adierazi du Oscar Escribanok, Inkernuko mus txapelketa gidatzen arituko den herritarrak.

Zaletasunaz harago

Bikote kopuru handia ez batu arren, urterik urte Eskoriatzan aritu izan direnek emaitza onak lortu izan dituzte. Esaterako, 2011n jokatutako txapelketan, Urruñan jokatutako finalean, Eskoriatzako Juan Zubizarretak eta Roberto Nietok laugarren postua lortu zuten.

Urte hartan, Euskal Herri osoko 250 herrietara iritsi zen txapelketa eta, hain zuzen, Euskal Herri osoko 2207 bikotek parte hartu zuten Euskal Herriko Mus Txapelketan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak