Pilotaz gozatzea helburu duen topaketa bihar

Mikel Zumalde Etxabe 2023ko urt. 13a, 10:00

Larunbatean, hilak 14, Joseba Iñurrategi pilotalekuan, 16:30ean, Emakumezkoen pilota topaketa jokatuko da; Debagoienean pilotan ari diren hamasei emakumezkok parte hartuko dute Arizmendi kirol elkarteak antolatu duen lagunartekoan.

Debagoienean pilotan ari diren neska gazteek hitzordu handia dute larunbat honetan, hilaren 14an, Joseba Iñurrategi pilotalekuan. 2008 eta 2013 urte bitartean jaiotako neskatoak elkarren aurka arituko dira Arizmendi kirol elkarteak antolatu duen topaketa horretan. 16:00etan hasiko dira jokatzen eta 18:00etan emango diote amaiera. Guztira, hamasei pilotari arituko dira nor baino nor gehiago eta binaka jokatuko dute. Helburu nagusia kirol horretaz gozatzea denez, bikoteak aldatzen joango dira eta guztiek jokatuko dute guztiekin. Alebin eta infantil kategorietako haurrak dira eta neurketa bakoitza zortzi tantora izango da. Pilotariak zuri jantziko dira.

Antolatzaileak gogotsu daude

Gorka Gabilondo Arizmendi kirol elkarteko arduradunetako bat da eta ezinbestekoa iruditzen zaio topaketa antolatzea: "Guretzat garrantzitsua da horrelako topaketa bat antolatzea. Bailarako gainontzeko kirol elkarteekin izandako azken bileran, nesken pilota topaketa antolatu behar zela esan nuen, eta, azkenean, lortu dugu". Haren esanetan, pilotan arituko diren neskak ere irrikan daude larunbata iristeko, elkar ezagutzeko eta guztiok batera egun handia pasatzeko.

Lehen urratsak

Azkeneko urteetan neska dezente animatu dira pilotan jokatzera Debagoienean. Izan ere, ibarreko kirol elkarte gehienetan neskaren batek edo bestek jokatzen du pilotan eta kopuruak gora egin du azkenaldian. Arizmendi kirol elkarteak, adibidez, astean hirutan Joseba Iñurrategi pilotalekua zabaltzen du nahi duen orok pilotan joka dezan.

Data gehiago

Debagoieneko kirol elkarteek data gehiago zehaztu dituzte; hala, bigarrena martxoaren 11n izango da eta hirugarrena apirilaren 22an. Topaketa horien tokia aurrerago zehaztuko dute. Eta baliteke maiatzean azken topaketa egitea.

Antzuolarrak nagusi

Debagoieneko ia herri guztiek izango dute ordezkariren bat larunbateko hitzorduan: Arrasatek, Aretxabaletak, Antzuolak, Bergarak, Eskoriatzak eta Oñatik. Eta Soraluzetik hiru pilotari izango dira Eskoriatzan. Antzuolatik etorriko da talde handiena: hain zuzen ere, bost pilotari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak