Jende ugari batu da Joseba Iñurritegi pilotalekuan Urrezko Aizkolarien Binakako Txapelketa, Urrezko Harri-jasotze Txapelketa eta, emakumezkoen harri-jasotze erakustaldia ikustera. Kirolari guztiek erakutsitako maila ere handia izan da, jendearen gozamenerako.
Eneko Saralegi eta Ibai Soroa nagusi aizkoran
Lehia estua mantendu dute Xabier Zaldua eta David Naredo asturiarraren aurka. Bikote bakoitzak hamarna enbor moztu behar izan dituzte sei izaeratan. Lehenengo kolpeka aritu dira Xabier Zaldua eta Eneko Saralegi eta bigarrena izan da azkarrena 33 kolpetan amaitu baitu lana; Zalduak 48 behar izan ditu. Bigarren proban ere, abiaduran, Ibai Soroa gailendu da (47 segundo) David Naredoren aurrean (52 segundo). Gauzak horrela aurretik zihoan bikote nafarra.
Zutikako lanean berriz gauzak aldatu egin dira eta hemen Naredo eta Zaldua (02:20) azkarragoak izan dira. Nafarrek berriz, 22 segundo gehiago behar izan dituzte (02:52). Abiadura bikoteka izan da laugarren modalitatea eta hemen oso estu joan dira gauzak; Soroak eta Saralegik (02:24) , hiru segundoko aldea atera diete aurkariei (02:27). Azken aurreko proban batek zutik aritu beharra zuen eta besteak berriz kanaerdiko bat moztu. Hemen ere nafarrak izan dira azkarrenak (02:36); Zalduak eta Naredok hamar segundo gehigao behar izan dituzte (02:46).
Honela, azkenengo Iraupen probara segundo bakarreko abantailarekin iritsi dira Eneko Saralegi eta Ibai Soroa. Amaierako lanean bi kanaerdiko eta 60ko beste bi enbor moztu beharra zuten bi bikoteek. Soroak eta Saralegik sendotasun handiagoa erakutsi dute eta amaieran azkarrenak izan dira (07:12); Zalduak eta Naredok berriz lanak izan dituzte azkenengo bi enborretan eta (07:48) denboran burutu dute lana. Amaieran Saralegik eta Soroak (16:24) denboran burutu dute lana eta Zalduak eta Naredok berriz (17:01).
Berdinketa harria jasotzen
Urrezko Harri-jasotze txapelketan berriz Xabat Olaizola eta Jokin Eizmendi aritu dira nor baino nor gehiago. Biek maila altua erakutsi ostean harri guztietan altxa-aldi berdinak egin dituzte: 125 kiloko laukizuzenean 13; 125 kiloko zilindro zaharrean 14; 113 kiloko kubikoan 11; 100 kiloko bolan 16.
Maddi Gesalagak, marka pertsonala
Txapelketatik kanpo emakumezkoen harri-jasotze erakustaldia ere egin dute goizean pilotalekuan. Bertan izan dira Lierni Osa eta Maddi Gesalaga zarauztarrak. Bigarrenak hamalau urte besterik ez ditu eta gaur gainera marka pertsonala jarri du. 80 kiloko harriarekin hiru altxa-aldi egin ditu, bi minuturen barruan.