Etorkizunerako apustua, asmo handiko proiektuekin

Imanol Beloki Unamuno 2022ko abe. 19a, 09:51

Eskoriatzako Udal Gobernuko kideak talde argazkian.

Eskoriatzak merezi du, Etorkizuneko Eskoriatza pentsatzen lelopean komunikazio kanpaina abiatu du Udal Gobernuak, herrian egin nahi dituen proiektu nagusien berri emateko. Horretarako, etxez etxe banatu dute informazioa aste honetan.

Bi agintaldi jarraian daramatza EAJk Eskoriatzako Udala kudeatzen, eta geldiunea egin gura izan dute, etorkizunera begira herriaren gainean hausnartzeko. Hori horrela, zenbait proiektu proposamenen berri eman dute.

"Proiektuetako batzuk gauzatzen ari dira, baina, oro har, inbertsio handiak behar dituzte. Beraz, agintaldi bat baino gehiago beharko dira proiektuak gauzatzeko, beste administrazio publiko batzuekin lankidetzan aritzeaz gain, hala nola Aldundiarekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta Eskoriatzako Elizateen Elkartearekin, besteak beste".

Zenbait proiektuk garapen-arlotan dute eragina; besteak beste, energia berriztagarrirako trantsizioan eta Udalak herritarren zerbitzura jartzen dituen instalazio askoren berritzean.

Proposatutako proiektuak

Kiroldegian, Luis Ezeizan eta beste eraikin publiko batzuetan geotermia sistema eta berokuntza sare berria instalatzeko proiektua ezarri nahi dute, hiru helburuarekin: "Lehenik eta behin, jasangarriak ez diren energia-iturriekiko mendekotasuna murriztea; bigarrenik, gure energia-faktura murriztea. Horri esker, beste proiektu batzuetara bideratu ahal izango ditugu baliabideak; eta, azkenik, eraikin horietan zerbitzuaren erosotasuna eta kalitatea handitzea". Gainera, Luis Ezeiza ingurua berrurbanizatu egin nahi dute: "Erabilera askotariko eremu baten balioa nabarmentzea dakar eskoriatzar askorentzat. Ibaiaren pasealekua konpondu egingo da, eta irisgarritasuna hobetu, oro har". Udal pilotalekua erabat berritu nahi dute, erabilera askotariko espazio publiko bihurtzeko asmoz: "Kirol-zentro gisa erabiltzeko prestazioak hobetuz eta erosotasun-maila handiagoko herriko beharretarako jarduerak ahalbideratuz". Musika eskola berria egin nahiko lukete, instalazio duinekin eta espazio egokiarekin, baita Manuel Muñoz kiroldegiko kanpoko igerileku berria egin ere; ur-jokoen instalazio batekin bateratu ahal izango litzatekeena.

Herritarrek hala eskatutako proposamenen berri ere eman dute; horiek dira skate park berria egitea eta muskulazio-gimnasio berria egitea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak