Zero kilometroko azokan, bertako artisauen lanak

Imanol Beloki Unamuno 2022ko abe. 16a, 09:23

Iaz egindako zero kilometroko azoka Ibarraundi museoan.

Eskoriatzako zortzi artisau izango dira zapatu honetan Ibarraundi museoan, haiek ekoiztutako produktuak eskaintzen, zero kilometroko azokan. Bigarren urtez jarraian egiten den azoka da; iaz izan zuen arrakastaren harira, berriro egitea erabaki dute.

Astelehena ezkero, Garaguneko kideek egindako artelanen erakusketa dago ikusgai Ibarraundi museoan. Guztira, 55 artelan batzen ditu erakusketak, eta tartean dira Bittor Arrieta Leibar eskoriatzarraren lanak. Artelan horiek hainbat teknika eta material erabiliz egindakoak dira, eta herri batzuetan egon dira ikusgai. Ibarraundin egon diren tartean, ikastetxeetako taldeentzako bisita gidatuak antolatu dituzte eta zuzenean ezagutu ahal izan dituzte zein izan den emaitzetara heltzeko prozesua, artista bakoitzaren estiloa eta abar. Bihar izango da erakusketa ikusteko azken eguna.

Bertakoari balioa ematea

Horrekin batera, Garagunekoen erakusketaz batera, zero kilometroko artisau azoka izango da Ibarraundi museoan. Aurten, bigarren urtez egingo da, eta herriko artisauek produktu bereziak eta eskuz egindakoak jarriko dituzte salgai eta erakusgai. "Zortzi postu izango dira Ibarraundi museoan izango den zero kilometroko azokan. Iaz egin genuen lehenengo aldiz, eta, arrakasta izan zuenez, egitasmoa berriro antolatzea erabaki dugu. Ea zer-nolako harrera izaten duen", adierazi du Arantxa Unzuetak, Eskoriatzako Udaleko Kultura teknikariak.

Iazko artisau berak Ana Jara, Lourdes Martinez, Oscar Garcia, Jose Angel Petralanda, Patricia Ruiz, Maitane Axpe, Kaosa taldeko Kristina, Jasone eta Ana eta Buztinate buztingintza eta zeramika taldeko kideen izenean Alvaro Garcia izango dira museora produktuak eramango dituzten artisauak. Besteak beste, honako produktu hauek izango dira bertan: zurezko erlojuak, bastoiak, poltsak eta koleteroak, larruzko gauzak, xaboiak, xanpuak, ukenduak, artilezko lanak, kuartzozko olioak, kortseak, zeramika, bisuteria eta askoz gehiago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak