Eluska Irazu: "Ongizatea hobetzean eragin beharko genuke"

Imanol Beloki Unamuno 2022ko aza. 8a, 10:00

Eluska Irazu, Eskoriatzako EH Bilduko bozeramailea, Gernika plazan.

2019-2022ko agintaldian, Eluska Irazu izan da Eskoriatzako EH Bilduko bozeramailea. Oposiziotik egin du lan, taldekideekin batera, eta aurrera begira egin beharreko moduak argi ditu. Pertsonengan jarri behar dela arreta eta herritarren ekarpenei entzun eta haiekin elkarlanean egin behar dela lan azpimarratzen du. Edozelan ere, agintaldi berezia izan da, eta gorabeherak ere izan dituzte Udal Gobernuarekin.

Agintaldia nola baloratzen duzu?

Pandemia egoerak agintaldi erdia hartu du, eta hor gaude. Halere, Eskoriatzaren bilakaeraz arduratuta. Sekulako dirutzarekin eraikitako azpiegituraz inguratuta, baina Gipuzkoan gertuko autobus zerbitzu traketsena duen herria gara. Lehen mailako osasun arreta COVID-19aren ondorioz ukituta, profesionalek ahalegin handia egiten ari diren arren; ondorioak hor daude. Merkataritza eta ostalaritza, maldan behera; gazteek etxebizitza bat lortzeko, gero eta zailago; uraren zerbitzua Udalaren esku egotetik kanpoko enpresa baten eskuetara arazoak pilatuz eta prezioa garestituz; herritarren eta politikaren arteko arrakala handituz… Pasibotasuna nabari, horri buelta eman beharra dago. Erronka handiak ditugu aurrean eta Udalak herritarren laguntza aktiboa behar du.

Nolakoa izan da Udal Gobernuarekin harremana?

Beraiek hor, gu hemen. Ez da egon inongo borondaterik lana partekatzeko eta, bereziki, Eskoriatzako beharrei erantzuteko. Udal Gobernuaren jarrera egon egotearena izan da; ahal den lan eta buruhauste gutxien hartuz. Arazoak etorri direnean erantzun dute, baina modu aringarrian. Ez herritarren beharrei erantzunez; ez etorkizuneko proiektu baten bidez.

Oposiziotik non eragin duzue? Zein gaitan, bereziki?

Hainbatetan: irisgarritasuna; lehen sektorea; berdintasuna; energia trantsizioa; ingurumena eta aisialdia –Bidebarrieta, Gatz Bidea–; zahartze aktiboa –ortu publikoen baldintzak hobetuz); Egoitzan Pauso Berriak programa bultzatuz. Euskararen alorrean, Udalean euskararen erabilera sustatuz eta GOIENA euskarazko kalitatezko egunkaria izan dadin finantzaketa egonkor baten alde borrokatuz. Laburbilduz, argi luzeak jarriz, etorkizunari begira eragiten saiatuz.

Zein ardura izan dituzue agintaldian?

Batzordekide izateko aukera besterik ez. Hasieratik eskaini dugu geure burua elkarlanerako, batzorderen batez arduratzeko. Erantzuna, ezezkoa. Gobernantza ereduan talka egiten dugu. Egitura kooperatiboagoa beharko genuke, herri txikia izanda; EAJk hierarkikoagoa du. Gainera, herritarrek, orokorrean, politikarekiko duten deskonexioa ikusita, gobernantza eredu parte-hartzaileagoa behar dela deritzogu. Hori ere oso desberdin ulertzen dugu. EAJren "auzolana" oso formala da; gurea, gertuagokoa, eztabaida gune irekiagoekin. Luxua da Udaleko lau zinegotzi bazterrean uztea, lan itzela egonda.

Zein proposamen egin dituzue agintaldi honetan? Eraman da aurrera horietakoren bat?

Egia esateko, horretan pozik egoteko moduan gaude… Proposatutako gehienak bereganatu, saldu eta eraman dituzte aurrera EAJkoek: Gatz Bidea; Dorletarako zubia; Intxartxuetako irisgarritasuna hobetzea; trantsizio energetikorako hobariak; lehenengo sektoreari balioa ematea… Aintzat hartu ez dituztenak, adibidez: herriko talde feministekin bildu, dituzten ideiak eta proposamenak entzuteko.

"Gobernantza ereduan talka egiten dugu, egitura kooperatiboagoa beharko genuke"

Agintaldi hasieran zein zen EH Bilduren helburu nagusia? Bete da?

Garai aldakorrak bizitzen ari ginela eta etorkizunari begira jarri behar genuela esaten genuen, eta pandemia, zoritxarrez, horren konfirmazioa izan da. Herrien bizitza, Eskoriatzarena, jokoan zeuden: logela herria edo herri bizia? Tamalez, ez dugu lortu Udalak horri erantzun iraunkorrik ematea. Egun, nahiz eta egoera hori areagotu, garaiz gaude, esperantza badugu; gauzak egiteko beste modu bat badago. Herritarrei, izango diren trantsizioei norabide egokian erantzun beharra dugu: energia, elikadura, merkataritza, gazteen emantzipazioa, osasungintza… Horiek gure ongizatean eragingo dutenez, ongizate maila hobetzean eragin beharko dugu.

Ezinbestekoa da erabakiak herritarrekin batera hartzea?

Herritarren ordezkariak gara. Pertsonak erdigunean jarri behar dira, entzun, adostu, elkarlanean aritu. Herritarrekin gaiak partekatzeko eskaera luzatuz; azkena, Startkraftekin irailaren 26an egin zuten bilera zela eta, urriko ezohiko bilkuran herriarekin gardenki informazioa partekatzeko beharra zegoela eskatuz. Egundaino, ez dugu horren erantzunik jaso. Gu ere ez ginen gonbidatuak izan, bilera instituzionala zela argudiatuz. Gu ez al gara instituzioaren partaide? Baina konturatu egin behar dute: gure bailarako etorkizunerako eta herritarren etxeko ekonomiarentzat gai inportanteak dira.

"Pertsonak erdigunean jarri behar dira, entzun, adostu, elkarlanean aritu"

Zerrendaburu aurkeztuko zara hurrengo udal hauteskundeetan?

EH Bildun prozesu parte-hartzailea garatuko dugu, herritarrekin batera. Abenduan zehar, Eskoriatzan jardunaldiak egingo ditugu hainbat gai estrategikotan konpromisoak zehazteko. Horiek aurrera ateratzeko nortzuk izango diren herritar egokienak gure oinarriek erabakiko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak