Astelehenean, 17:30ean hasiko dituzte Gaba Baltzeko ekintzak herriko gaztetxoek. Lehendabizi, 3 eta 7 urte bitarteko haurrak, gurasoek lagunduta, eskean irtengo dira unibertsitatetik plazaraino. Bidean aurkitzen dituzten komertzioetan geldialdia egin eta gozokiak eskatuko dituzte. Ordu berean, ibilbide beldurgarriari hasiera emango diote 8 eta 12 urte bitarteko haurrek. Herriko bazter ilunetan zehar ibiliko dira, bidean susto eta sorpresa ugari hartuz, eta arratsaldeko 19:00etan amaituko dute frontoian, kalejirarekin bat egiteko. Horrekin batera, 18:30ean, plazan eskulanak egiteko aukera izango da.
19:15ean dantzarien kalejira irtengo da Joseba Iñurrategi frontoitik. Plazara iritsi orduko, plaza erdian beldurrak erretzeko sua piztuko dute, nahi duen orok beldurrak sutara bota ditzan. Ondoren plazako argiak itzali eta dantzariek, suaren inguruan korroan jarrita, dantza herrikoiak egingo dituzte, eta gura duten herritarrek parte hartu ahal izango dute ekintza honetan. Dantzak amaitu ostean, txokolatea banatuko da.