Bidezidor berriekin eta ibilbide laburragoarekin

Imanol Beloki Unamuno 2022ko urr. 21a, 13:18

2019an, EskoXtrem mendi bizikleta probaren une bat.

Zapatuan 09:00etan hasiko da aurtengo EskoXtrem mendiko bizikleta martxa, Fernando Eskoriatza plazan. Bi ibilbide izango dira, luzea 37 kilometrokoa eta motza 26 kilometrokoa, eta parte-hartzaile kopurua 300 lagunera mugatutakoa izango da.

EskoXtrem martxa urte luzez egin da uztaileko lehenengo asteburuan; gero, urrian antolatzen hasi ziren, eta aurtengoa ere urrian izango da, zapatuan, inoiz ez bezala –lehen, domeketako hitzordua izaten zen–, eta berrikuntzekin dator proba.

Bi ibilbide prestatu dituzte mendiko bizikleta martxarako: luzea, 37 kilometrokoa eta 1.700 metroko desnibel positibokoa; eta motza, 26 kilometrokoa eta 1.100 metroko desnibel positiboa duena. Aurten, gainera, Jarindo inguruetan barik, herriaren beste aldeko lursailetara lekualdatu dute ibilbidea, eta honako hauek izango direla aukerak adierazi du Iñigo Viterik, bizikleta martxako antolatzaileetako batek: "Ibilbide luzean, Fernando Eskoriatza plaza–Bolibar–Agiña–Atxorrotx–Uxar–Makatzgain–Hiruerreketa–Gure Ametsa bidea egingo dugu. Bertan anoa-postua izango da, eta ibilbide luzea eta motza bertan desbideratuko dira. Luzeak Gure Ametsatik Landa aldera eramango ditu parte-hartzaileak, eta bertan hiru bidezidor gainditu beharko dira –Kalabera, Kalagora eta Whisler–, Gure Ametsara bueltatu eta, Gatz Bidea eginda, Fernando Eskoriatza plazan amaituko da. Ibilbide motzean, berriz, lehenengo anoa-postura iristean, Gure Ametsara, bertatik Gatz Bidea jaitsita amaituko dute proba. Amaieran, DJ Moto izango da plaza girotzen, eta salda, txorizoa, tortillak eta Pertuttiko pizzak izango ditugu txirrindularientzat".

Proba egingarriagoa

Kilometro aldetik, laburragoak izango dira aurtengo bi ibilbideak, eta teknikoki ere samurragoak, Viterik adierazi duenez. "Jende asko aritu da proba prestatzen, eta ibilbide luzea egiten dutenek Landa inguruko hiru bidezidorretan izango dute oztopo gehien, baina baita dibertsioa ere. Hamar kilometroko bidea izango da bertan, zailtasun teknikoekin osatuta".

Egunean ere izen-ematea

300 parte-hartzaileendako mugatuta, izena eman ez duen despistaturen bat balego, probaren egunean 08:00etatik 09:00ak bitartean aukera egongo dela izena emateko gogorarazi dute. Gaineratuz, ordaindu beharreko dirua justu eramateko. Hau da: federatuek 15 euro eta ez-federatuek 20 euro.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak