Domekan, 19:00etan, Kamikaze Kolektiboak eta Ttak Teatroak eskainitako Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi antzezlana izango da Zaldibar antzokian. Sarrera bost eurotan dago salgai; aldez aurretik kiroldegian erosi daiteke, edo bibe.me webgunean. Hala ere, egunean bertan leihatilan ere erosi ahal izango da.
Hausnartzeko saioa
Fikzioak errealitatean duen eraginari buruzko antzezlana da. Oholtza gainean hiru emakume eta galdera bat: Gero eta fikzio gehiago kontsumitzen dugula jakinik, non geratzen zaigu begiz jaten dugun hori? Lan honetan, gazteek aktoreen jolas etengabearen eta umorearen bitartez hainbat gairen bueltan hausnartuko dute.
Emanaldiaz gain, saioaren amaieran, ikusitakoaren gaineko solasaldia egingo dute, eta, aurretik, DAPekoen eskutik, ikusleak elkartu eta lanari buruz dituzten aurreiritziak eta bestelakoak partekatuko dituzte, 18:00etan, kultura etxean.