Torrebasoko ortuak eskatzeko epea zabalik

Imanol Beloki Unamuno 2022ko urr. 21a, 10:58

Eskoriatzako Udalaren jabetzako ortuak, Torrebason.

29 partzela daude hiru lursailetan banatuta, eta bakoitzak 60 metro karratu ditu. Ortuak erabiltzeko interesa duten eskoriatzar guztiek urriaren 28ra arte izango dute eskaerak aurkezteko. Presentzialki, udaletxean, edo online egin daiteke.

Torrebason dauden aisialdiko udal ortuak 2004an jarri ziren martxan, eta, Eskoriatzako Udalean eskaera eginda eta baldintzak beteta, horiek erabili ditzakete herritarrek. Lursail horiek autokontsumorako eta nekazaritza-ekoizpenerako soilik dira, eta adinez nagusiak diren pertsonek denbora librea modu aberasgarrian betetzea da Eskoriatzako Udalak eskaintzen duen aukera. Horrekin batera, nekazaritza tradizionalaren erabilera eta ohitura batzuk berreskuratzea da asmoa, produktu naturaletan oinarritutako elikadura osasungarria bultzatuz.

Gaur egun, 29 partzela daude, hiru lursailetan banatuta, eta bakoitzak 60 metro karratu ditu. Eskaerak egiteko epea irekita, momentuz hamasei eskaera egin direla jakinarazi dute Eskoriatzako Udaletik: "Eskaera nahikotxo izaten dira, beti dago mugimendua, baina egia da oraindik ortu batzuk libre daudela". Hori horrela, eskaerak aurkezteko epemuga urriaren 28a izango da, 14:30ean.

Baldintzak, udal webgunean

Baldintzei dagokienez, Eskoriatzako Udalarekiko zerga betebeharrak egunean izatea nahitaezkoa da; pertsona bakoitzak ortu bakarra erabiltzeko baimena lortu ahal izango du; bizikidetza unitate bakoitzari ortu bakarra erabiltzeko baimena emango zaio, Eskoriatzan erroldatuta egotea edo egoitza soziala izatea, gutxienez urtebeteko antzinatasunarekin, ezinbestekoa izango da; orturik jabetzan ez izatea… Horrekin batera, esleipenerako lehentasun-hurrenkera jarraituko da.

Lursaileko partzela guztiak eskatu eta banatu arren, interesdunek edozein unetan eskatu ahal izango dute udal baratze bat erabiltzea, nahiz eta une hartan ortu librerik ez egon. Izan ere, eskatzaileen zerrenda bat egongo da, eta, ortuak eskuragarri egon ahala, zerrenda horretan izena emandakoei esleituko zaizkie.

Erabilera eta arauak

Ortu baten erabilera baimentzen zaion pertsonaren erantzukizuna izango da instalazioen mantenua eta horien osasungarritasun, segurtasun eta apaindura egokia. Gainera, erabiltzaileak baimendu zaion lursaila bakarrik erabili ahal izango du. Bertatik lortutako barazkiak etxean kontsumitzeko bakarrik izango dira, debekatuta dago horiek saltzea. Debekatuta egongo da ortuetan animaliak edukitzea, zaintzea, haztea edo ustiatzea edo maskotak egotea; lotuta edo aske egon…

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak