Elorreta Goikoko jaiak, lehenengoz, era xumean

Imanol Beloki Unamuno 2022ko urr. 21a, 09:38

Elorreta Goikoko haurrak jaietako kartelekin.

Eskoriatzako herrigunetik Bolibar elizatera bidean dagoen Elorreta auzoan jaiak ospatuko dituzte, lehenengoz, zapatu honetan. Elorreta Goikoko jaiak; izen horrekin bataiatu dituzte, eta, egitarau xumea antolatu duten arren, bertako bizilagunak ilusioz daude egunerako.

Batzuek lan gehiago eta beste batzuek gutxiago egin arren, denek jarri dute euren aletxoa gustuko programa antolatzeko, eta aste honetan zehar Karmelo Oñate Elorreta auzoko ilustratzaileak egindako egitarauaren kartela ikusi ahal izan dute eskoriatzarrek herriko zenbait txokotan.

Elorretan bizi den Juan Sangre aritu da hango programa lantzen, beste hainbat auzokiderekin batera, eta azpimarratu du bertako bizilagunak denbora luzez daudela jaiak antolatzeko gogoz: "Aspalditik geneukan auzokideok batu eta egun eder bat antolatzeko gogoa. Auzoa berri samarra da, eta, elkar ezagutzen garen arren, harremanak estutzeko hitzordua izango da. Horretarako, ekintza xumeak antolatu ditugu, eta pozik gaude antolatu dugunarekin".

Egitaraua

• 11:30 Haur jolasak.

• 13:00 Ardo berezien dastaketa.

• 15:00 Auzo-bazkaria. Paella-jana.

• 17:30 Kontzertua: Nhil akustikoan.

• 20:00 DJ Moto. Andoni Motoren saioa.

13:00etan, txosna irekiko dute eta herritar guztiei gonbidapena egiten diete antolatzaileek bertaratu daitezen.

Bazkaria eta ekintza irekiak

Egun osoko jaia izango dute zapatuan, eta, guztira, bost hitzordu nagusi antolatu dituzte: "Haurrendako jolasak, ardo berezien dastaketa, auzo-bazkaria, Nhil taldearen kontzertua eta DJ Motoren saioa izango ditugu. Haurrendako jolas ezberdinak izango dira 11:30ak inguruan hasita, eta helduendako, berriz, ardo berezien dastaketa izango da. Ostean, paella-jana izango dugu. Honako hitzordua bakarra da egitarauan, bertakoentzat antolatu duguna; gainontzekoak herri guztiarentzat irekiak izango dira. Aurreikusten dugu 50 lagun inguru batuko garela bazkaltzeko, eta catering bat arduratuko da jana prestatzeaz. Gero, Nhil taldearen emanaldia izango dugu, eta, kasu honetan, espazio faltagatik, formatu akustikoan gauzatzea erabaki dugu emanaldia. Amaitzeko, berriz, musikaz girotuko du auzoa DJ Motok, hau da, Andoni Moto eskoriatzarrak".

Kantu moldatuak

Aretxabaletarrak, eskoriatzarrak eta arrasatearrak kide dituen Nhil taldeko bi musikari soilik igoko dira oholtzara Elorreta Goikoko jaietan formatu akustikoan kontzertua eskaintzera: Beñat Arrieta eskoriatzarra eta Sara Alonso aramaioarra. "Sara abeslaria eta biok izango gara kontzertua eskaintzen. Talde handiko formatuan barik, zerbait txikiagoa nahi zurten antolatzaileek, eta, beraz, piano eta gitarra akustikoarekin gure kantuen moldaketa akustikoak eskainiko ditugu. Seguruenik, bertsio bat edo beste ere izango dute entzungai bertaratzen direnek, baina, oraindik zehaztu gabe dugu…", adierazi du Beñat Arrieta musikariak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak