Bigarren eskuko azoka izango da zapatuan, Fernando Eskoriatza plazan

Imanol Beloki Unamuno 2022ko urr. 20a, 13:17

Bigarren eskuko azoka Eskoriatzan.

Eskoriatzak bigarren eskuko azokaren edizio berri bat ospatuko du zapatu honetan, 11:00etatik 14:00etara, Fernando Eskoriatza plazan. Aurten hamalau postu inguruk hartuko dute parte, eta bertaratutakoek mota guztietako gaiak aurkitu ahal izango dituzte. Gainera, postu solidarioa jarriko dute Garagunekoek.

"Etxean ditugun gauzei bigarren aukera bat ematea eta haien bizitza baliagarria luzatzen laguntzea da helburua", adierazi dute Eskoriatzako Udaletik, eta, zapatuan salgai jarriko diren gaietako batzuk honako hauek dira: arropa, liburuak, diskoak, jostailuak, etxeko tresnak…

Eskoriatzako Udalak doan utziko dizkie parte-hartzaileei postuetarako mahaiak, baina interesa duten pertsonek aldez aurretik izena eman beharko dute udaleko H@ZI zerbitzuan edo 943 71 44 07 telefono zenbakira deituta.

Postu solidarioa

Aurtengo bigarren eskuko azoka berezia izango da. Izan ere, Garagune elkarteko kideek postu bat jarriko dute, eta bertan birziklatutako materialekin eurak egindako hainbat gauza salduko dituzte. Garagune irabazi-asmorik gabeko elkarte pribatua da, Gipuzkoan zehar hainbat zentro dituzte, eta desgaitasun intelektuala duten helduei eguneko arreta eskaintzen die.

Azokarekin batera, antzerkia

Bigarren eskuko azokarekin batera, eta 13:00etan kale antzerkia izango da Fernando Eskoriatza plazan. Zirko Txoskok Oh-Pera antzezlana aurkeztuko du antzerkia, umorea eta zirkuaren arteko nahasketa bat eskainiz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak