Gellaon izango da Ezkurtxo, jolasteko gertu

Imanol Beloki Unamuno 2022ko urr. 14a, 11:48

Iaz, Mendiola elizatean Ezkurtxorekin jolasean.

Azken bi urteetan Jose Arana gunean ospatu arren, aurten Gellaon ospatuko dute Ezkurtxo eguna, zapatu honetan. Autobus zerbitzua jarriko dute hara joateko, baina inguruak ezagutu nahi dituenak Apotzagara autobusez igo eta oinez joateko aukera ere izango du.

Zapatu honetan emango diote udazkenari ongietorria Arizmendiko Jose Arana guneko haurrek, aurten Gellao elizatean ospatuko duten Ezkurtxo egunarekin. Askotariko jolasak izango dira bertaratzen direnentzat, eta Eskoriatzako elizateetako bat ezagutzeko aukera izango da.

Era askotako jolasak

Aurten, Ezkurtxo ospatzen duten 25. edizioa izango litzateke, baina kontuan hartu behar da azken bi urteetan ikastetxean ospatu dutela jaia. Beraz, elizate batean ospatzen duten 23. edizioa izango da aurtengoa.

Urtero, urriko hirugarren asteburuan antolatzen duten jaia da Ezkurtxo; ekinaldi bakoitzean Eskoriatzako elizate batean. Aurten, Gellaon batuko dira, eta bertan hainbat jolas egingo dituzte, tartean, antzinakoak, eta ohiturari jarraituz ipuin kontaketa eta txokolate-jana ere izango dira. "Goitibeherak, tiragomak, ezkurrekin jolasak, bolo-jokoa, soka-saltoa… izango ditugu, eta baita Ezkurtxoren maskarak margotu ere. Horrez gain, euskara eta irakurzaletasuna sustatzeko, Maider Alcelay ipuin kontalari arrasatearra izango dugu, eta baita klasikoa den txokolate-jana musikaz alaiturik", adierazi du Lierni Altunak, Jose Arana guneko irakasleak.

Elizate bakoitza, mundu bat

Altunak gaineratu duenez, Gellaon ez da ibilaldirik egingo, elizatea txikia delako. Hala ere, Apotzagatik Gellaorako bidea ezagutzeko aukera izango da. "Gellaora autobusez zuzenean joateko aukera izango da. Horretarako, 15:30ean Akeitako geltokian egon beharko dute interesdunek, eta ez dago aurrez izenik eman beharrik. Horrez gain, aurretik, 15:00etan autobusa hartzen dutenak autobusak Apotzaga elizateraino eramango ditu, eta Gellaoraino oinez joateko aukera izango dute. 19:00 aldera bueltatuko gara Eskoriatzara".

Autobusak erdigunetik

Pertsona asko batzen badira, joateko eta bueltatzeko autobusak hainbat bidaia egingo dituela jakinarazi dute antolatzaileek; irteera eremuetan puntualak izateko eskatu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak