Mugikortasun arazoak dituzten pertsonei laguntzeko asmoz, Intxaurtxuetako plazan lanak hasi zituzten astelehenean. Bertan, plazatik Intxaurtxueta kaleko 20. atartera bitartean dauden eskaileretan, arrapala jartzen ari dira, sigi-sagan, irisgarritasuna hobetzeko helburuarekin.
Iaz, apirileko osoko bilkuran, 300.000 euroko kreditu aldaketa bat onartu zuen udalbatzak proiektu berrietarako. Horien artean zegoen, besteak beste, Intxaurtxuetako plazatik gorako kalera bitartean dagoen eskaileretan arrapala jartzea. Modu horretan, eremu hori irisgarriagoa egiteko asmoz. Hori horrela, lanak asteon hasi dituzte Donostiako Altuna y Uria enpresakoek, eta hiruzpalau astean amaituta izatea aurreikusten da.
Atzeratzen joan dira lanak
Josu Ezkurdiak, Eskoriatzako Udaleko Hirigintza eta Mugikortasun batzordeburuak, adierazi duenez, kostatu egin zaie lehiaketa martxan jartzea eta kontratazioa egitea. "Arrapala berria egiten ari dira Intxaurtxuetako beheko plazatik goiko kalera bitartean, eta lan hauen helburu nagusia irisgarritasuna erraztea da. Esan beharra dago eskaera hau aspaldikoa dela, nahiz eta agintaldi honetan egin diguten eskaera bertako hainbat bizilagunek. Kontua da martxan jartzea planteatu genuela pandemiaren aurretik, eta eten egin behar izan genuela. Gero, berriro atera genuen lehiaketa, baina Ukrainako gerra dela-eta materialen prezioa garestitu egin zenez, bertan behera utzi genuen lehiaketa. Ondoren, berriz atera genuen, eta kontratua sinatzea lortu genuen. Hiru enpresa aurkeztu ziren, eta prezio eta eskaintza onena Altuna y Uria enpresak egin zuen. Lizitazio prezioa eta adjudikazioa antzekoak izan dira; hau da, 99.000 euro inguru".
Irisgarritasun legea betez
Itxaronaldiaren ostean, proiektuari atxikitutako baldintzak bete beharko dituztela gaineratu zuen Ezkurdiak, eta egin beharreko lanak direla azpimarratu: "Proiektuaren baldintza bat irisgarritasun legeak betetzea zen, eta, beraz, %4 eta %6ko inklinazioa izango du arrapalak".
Arrapala, sigi-sagan
Pasabide horretan eskailerak gune osoa betetzen zuen, eta orain, eskailerak alboetan joango dira, eta erdian, berriz, arrapala jarriko dute. "Adibide bat jartzearren, Manuel Muñoz kiroldegi alboan eginda dugun pasoaren modu berean egingo da. Sistema bera da".