Erretiratuak omentzeko hitzordua domekan

Imanol Beloki Unamuno 2022ko ira. 30a, 16:23
Jubilatuei egindako omenaldi bat.

Eskoriatzako Udalak antolatuta, Olazar Erretiratuen Elkarteko 150 lagun batuko dira, aurten, lehenengoz, Manuel Muñoz kiroldegian bazkaltzeko. Opariak banatuko dituzte erretiratuen artean eta herriko nagusienek oroigarriak jasoko dituzte, urtero moduan.

Domekan, urriaren 2an, 65 urtetik gorako jubilatuek omenaldia jasoko dute Eskoriatzako Udalaren partetik. Ohiko ohiturari eutsiz, San Pedro parrokian egingo den mezara joango dira herriko nagusiak, eta, ondoren, salda beroa izango da jubilatuen tabernara joaten den pertsona ororentzat. Gero, bazkaria izango dute Manuel Muñoz kiroldegian, eta, urtero moduan, opari banaketa egingo dute. Amaitzeko, musika jarri eta dantzarako tartea hartuko dute.

150 lagun bazkaltzeko

"Aurten, lehenengoz egingo dugu jubilatuen omenaldiko bazkaria Manuel Muñoz kiroldegian. Normalean, Joseba Iñurrategi pilotalekuan egin izan dugu, baina aurten, lekualdatzea erabaki dute antolatzaileek. Leku aldaketa egin arren, guztira, 150 lagun batuko gara bazkaltzeko. Menu itxia da jarriko digutena, eta bapo jango dugula aurreikusten dugu. Gero, bertan banatuko ditugu opariak erretiratuen artean, eta horiek Eskoriatzako komertzioek eta Olazar Erretiratuen Elkartekoek eskainitakoak izango dira. Beste behin, ez dute hutsik egingo Eskoriatzako udal ordezkariek herriko nagusienei eskainitako oroigarriek", adierazi du Olazar Erretiratuen Elkarteko kideak.

Nagusienen erreleboa

Azken urteetan, egun horretan omendu izan dituzten Eskoriatzako erretiratu nagusienak Elena San Vicente eta Pablo Gamboa izan dira. Hala ere, Olazar Erretiratuen Elkartekoek adierazi dutenez, aurten, San Vicente ez da bazkarira joango. Gamboa, berriz, 2021eko abuztuaren 25ean hil zen, 103 urte zituela; beraz, bazkarira joango diren gainontzeko pertsonen artean, emakume nagusienak eta gizonezko nagusienak jasoko dituzte oroigarriak; batek lore-sorta eta besteak, txapela.

Manifestuaren irakurketa

Urriaren 1ean Pertsona Nagusien Nazioarteko Eguna izanda, urriaren 2ko hitzorduan bazkalostea aprobetxatuko dute Olazar Erretiratuen Elkartekoek manifestu bat irakurtzeko. "Agijupens Gipuzkoako Erretiratu eta Pentsiodunen Elkarteak atera duen manifestu bera irakurriko dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak