Dorleta eta Huhezi arteko pasabidea berritzen

Imanol Beloki Unamuno 2022ko ira. 30a, 12:04

Dorleta auzoko pasabidean egiten ari diren lanak, Huhezi fakultateko eraikina ezkerrean dela.

Aurreikuspenen arabera, urri amaiera aldera bukatuta izango dira Dorleta auzoaren eta Huhezi fakultatearen arteko zubiko lanak. Donostiako Altuna Eta Uria enpresa ari da obra egiten, eta, bide batez, hango argiteria hobetzeko asmoa ere badute.

2019ko urtarrilean ekin zioten Dorleta auzoaren eta Huhezi Humanitate eta Hezkuntza Fakultatearen arteko lanei. Eremu horretan irisgarritasuna hobetzeko lanak bi fasetan egingo zituztela adierazita, orduan lehenengo faseko lanak egin zituzten; hain zuzen, espaloia jartzea Dorletako zubitik Aranburuzabala kaleraino. Bestetik, bigarren fasea egiteko, Ura uraren euskal agentziaren baimena ezinbestekoa zen, Dorletako zubiari hegoa jartzeko, eta, pandemia ere tarteko, bigarren fase horri orain ekin diote.

Irisgarritasun aldetik beharrezkoa izango den pasabide berria Huheziko campusaren ondoan eraikitzen ari dira, eta lanen helburua oinezkoei segurtasun handiagoa ematea da. Orain arte, Deba ibaia zeharkatzen duen zubia ibilgailuen zirkulaziokoa izan da, eta baita oinezkoentzat ere, nahiz eta zubira iristean espaloia desagertu. Hala, lanak amaitzean, espaloiari jarraipena emango zaio, eta oinezkoek ez dute asfaltoa zapaldu beharko. "Aurreko agintaldian espaloia egin zen, eta orain bigarren zutia zubi edo pasabide baten bitartez egitea eskatu genuen. Pandemia aurretik hasi ginen prozedurarekin, eta geratu egin behar izan genuen. Ukrainako gerra ere etorri zen, eta, orokorrean, prezioak izugarri igo ziren. Hori horrela, lizitaziora garestiago atera behar izan genuen, zoritxarrez. Hala ere, uztail amaieran kontratua sinatu genuen, eta lanean ari dira", adierazi du Josu Ezkurdiak, Eskoriatzako Udaleko Hirigintza eta Mugikortasun batzordeburuak.

Obrak martxan dira

Obrak lizitatuta eta martxan, urri amaiera aldera amaituta izatea aurreikusten da. Aurrekontua 78.119 eurokoa da, BEZa barne, eta gauzatzeko epea zazpi astekoa da. Bi enpresa aurkeztu ziren lehiaketa publikora, eta Donostiako Altuna Eta Uria izan zen irabazlea, eta haiek ari dira lanekin. "Une honetan, ematen du lanak ez direla egiten ari. Kontua da jarriko duten zubia aurrefabrikatua dela eta zubia oso-osorik jarriko dutela. Zuloak egin dituzte alde bietan, neurriak ondo hartzeko eta nola lotu behar duten jakiteko. Bi edo hiru aste horrela egon ostean, zubia ekarri eta garabi handi batekin jarriko dute".

Argiztapena ere hobetuko dute

Lan horiek egitearekin batera, eremu horretako argiztapen publikoan zenbait hobekuntza egiteko ere aprobetxatuko dutela jakinarazi du Eskoriatzako Udalak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak