Zergak eta tasak izozteko proposamena, aho batez onartuta

Imanol Beloki Unamuno 2022ko ira. 29a, 11:49
Eskoriatzako udalbatzako kideak iraileko osoko bilkuran.

EAJk 2023rako Ordenantza Fiskalen proposamena mahai gainean jarri zuen martitzenean, iraileko osoko bilkuran, eta, gainontzeko alderdien adostasuna izan arren, EH Bilduk kezka agertu zuen erabakiak eragin ditzakeen kostuen gainean.

Martitzenean iraileko osoko bilkura izan zuten Eskoriatzako udalbatzako kideek, eta gai-zerrendan azpimarratzeko puntu bat izan zuten: 2023rako Ordenantza Fiskalak. EAJk 2023rako udal tasak eta zergak izoztea proposatu zuen Ogasun Batzordean, eta proposamen bera eraman zuen osoko bilkuren aretora, martitzenean. Eskoriatzako Elizateen Elkartekoak eta EH Bildukoak ados agertu ziren zergak eta tasak izoztearekin.

"Kontuan hartu behar da KPIaren igoera %10 ingurukoa dela. Gainera, familia eta pertsona asko sufritzen ari dira, eta, beraz, pentsatu dugu tasa eta zergak izoztea. Nahiz eta erabaki hori Eskoriatzako Udalaren finantzen kontra joan. Udalak igotzen ez duena ordaindu beharko du berdin-berdin, eta esfortzu bat egin beharko dugu gainkostu horrek herritarrei ez eragiteko", adierazi zuen Josu Ezkurdiak, Eskoriatzako EAJko bozeramaileak.

Oposizioaren kezkak

Nestor Arana EH Bilduko bozeramailea ados agertu zen proposamenarekin, baina zenbait kezka adierazi zituen. "Orain arte, dinamika bat jarraitu duzue; hau da, batzorde baten aurretik, proposamena bidali izan duzue, lanketa bat egin dugu… adostasun bat lortzeko. Oraingoan, zuzenean joan da erabakia Ogasun Batzordera. Horrez gain, Udalari kostu bat ekarriko dio zergak eta tasak izozteak. Kalkulatu duzue zenbatekoa izan daitekeen?".

Horren harira, Ezkurdiak esan zuen batzordearen aurretik informazioa banatu arren ez dutela bilerarik egin, proposamena zehatza zelako. Bestetik, zergak eta tasak izozteak ekarriko duen kostuaren bueltan, datuak falta direla azpimarratu zuen. "Mankomunitateak kobratzen duen zabor zerbitzuaren tasa oraindik ez dakigu zenbat igoko den, adibidez. Hala ere, badakigu kiroldegiko kudeaketa kostua %20 igoko dela. Ez dugu prezioen igoerarik ezarri azken urteetan, gaur egun indarrean dugun kontratu publikoaren legeak horrela agintzen duelako, eta aurten %10eko KPIaren igoera izango dugu".

Inbertsioak hizpide

Horrez gain, zergak eta tasak izozteak herrian egin nahi diren inbertsioetan eragina izango ote duen ere galdetu zuen Nestor Aranak, eta honako hau erantzun zion Ezkurdiak: "Aurrekontuaren proiektua egiten ari gara, eta urriaren erdi arte ez dugu jakingo Aldundiko Foru Funtsetik jasoko dugun dirua zenbatekoa izango den. Hala ere, aurreikusten dugu kostuak igo egingo direla, oro har. Hala ere, Udalaren diru sarrerak Foru Funtsetik bideratutakoak dira gehienak, eta ez zerga eta tasetatik. Gastu arruntak diru sarrera arruntetatik finantzatu behar direla esan dugu beti, eta inbertsioak soberakinetik edo maileguen bitartez finantzatu behar direla. Zoritxarrez, oraindik ezin dugu askorik aurreratu, baina urte zaila izango dugu hurrengoa".

Epe laburreko inbertsioak

Horren ildora, herrian egin nahi diren inbertsioak ez zituzten zehaztu, baina, horren bueltan galdetuta, honako hau adierazi zuen Ezkurdiak: "Datorren urtean, maiatzean hauteskundeak izango dira, eta inbertsioak egiteko prozesua zaildu egiten du horrek. Hala ere, gure asmoa inbertsio berriak egitea da. Skate parke berria egin nahi dugu; azken asteetan erabiltzaileekin egon gara, eta, beraiek esandakoekin planteamendu tekniko bat jorratzen ari gara. Beste inbertsio bat osoko bilkuran egin dugun 30.000 euroko kreditu aldaketa batetik dator. Aranburuzabala kalean, bi zebra-bide berritzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak