Musikaz betetako asteburua izan da Eskoriatzan; izan ere, Errekan Gora jaialdiaren hamalaugarren edizioan sei emanaldi izan dira, guztira. Liher, Anari, Kinbonbo Brass Band, Neomak, Erromintxelak eta The Riff Truckers taldeek ikuskizun apartak eskaini dituzte, eta jendeak ez du hutsik egin horietan. Atxorrotx Kultura Elkarteko antolatzaileak pozik agertu dira saioek emandakoarekin eta baita ikus-entzuleen harrerarekin ere.
"Bereziki, zapatu gauean Neomak taldearen kontzertuan batutako jendetzarekin harrituta geratu ginen, baina gainontzeko taldeen ikuskizunak ere apartak izan dira. Puntako musikariak batu ditugu aurtengo edizioan eta balorazio oso positiboa egiten dugu. Jende askori eskerrak eman beharrean gaude: ekitaldia aurrera eramateko lagundu diguten babesle guztiei, musikariei, teknikariei, eta baita bertaratu diren musikazale guztiei", adierazi du Edorta Barandiaranek, Atxorrotx Kultura Elkarteko kideak.
Jaialdi borobila
"Egubakoitzean Liher taldearen emanaldia izan genuen soilik. Zuzeneko indartsua eskaini zuten Fernando Eskoriatza plazan, eta izugarria izan zen. Zapatuan, berriz, Anariren emanaldi goxoa eta berezia izan genuen; Kinbonbo Brass Bandakoek iluntzea alaitu zuten; eta Neomakekoek, berriz, plaza bete egin zuten, eta sekulako ikuskizuna eskaini. Domekan, aldiz, gipzy jazz estilo ederra uztartzen duten Erromintxelak taldekoak musikalki oso kantu landuekin izan ziren, eta, amaitzeko, gurean egondakoak diren The Riff Truckers talde gernikarrak rock-and-roll saio aparta eskaini zuen".
Hurrengoa berezia
Datorren urtean, Errekan Gora egitasmoak hamabost urte beteko ditu, eta zerbait berezia antolatzeko gogoz daudela adierazi du Barandiaranek: "Urrats bat gehiago egin nahiko genuke hamabosgarren edizioan. Egunotan, asteburuko kontzertuen ostean, emozioak bor-bor ditugu, motibatuta gaude, eta hasi gara ideia berriak garatzen… Goiz da oraindik erabakiak hartzeko, baina sentimendu hauekin egotea seinale ona dela esango nuke".