GI-627 errepidea itxiko dute eguaztenean, Eskoriatzan

Imanol Beloki Unamuno 2022ko ira. 19a, 15:17
Eskoriatzako saihesbideko zubia dela-eta egingo dituzte lanak. Argazkia: Google maps

Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, GI-627 errepidea bi noranzkoetan itxiko da Eskoriatzan eguaztenean, irailaren 21ean, saihesbideko zubia konpontzeko lanak direla eta. Hain zuzen, bide mozketa Aingeru Guardako biribilgunearen eta Intxaurtxuetako biribilgunearen artean egingo da, 09:00etatik 19:00etara, eta trafikoa Eskoriatzako herrigunetik desbideratuko da lanek irauten duen bitartean.

Hori horrela, egun guztian zehar saihesbidetik pasa beharreko trafikoa desbideratu egin beharko da eta auto trafikoa hirigunetik pasako da. Kamioien kasuan, berriz, AP1 autobidera desbideratuko dira guztiak.

Trafikoa hirigunetik bideratuko denez, herritarrei eskatzen zaie egun horretan kotxeak garajeetan sar ditzatela eta ahal duten heinean garraio publikoa erabili dezatela. Horrez gain, bereziki eskatzen da Arizmendi ikastolako Jose Arana gunearen parean eta Luis Ezeiza herri ikastetxearen parean, haurren irteera-sarrera ordutegietan ez autorik uztea, hori izango baita trafikoarentzako errepidea.

Autobus zerbitzua

Aranburuzabala kaleko autobus geltokian 9:00etatik 19:00ak arte bitarteko ordutegian ez da zerbitzurik emango, eta Gorosarri plaza eta Intxaurtxueta auzoko geltokiek, berriz, normaltasunez eskainiko dute zerbitzua egun horretan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak