Urtero egin ohi den moduan, Europako hainbat herrirekin bat eginez, Mugikortasun Astea ospatuko da Eskoriatzan eta aurten irailaren 16tik 23ra izango da. Europako Batzordeak Hobeto konektatzen gaia aukeratu du, eta aurtengo zein datozen urteetarako esaldia Konbinatu eta mugitu! izango da.
Ginkana eta puzgarriak
Horren baitan, hainbat ekintza antolatu dira adin guztientzako. Gaur, irailaren 16a, egubakoitza, bizikleta, patinete edo patinekin egin ahal den ginkana izango da, eta baita pool party-a, 12 eta 16 urte bitarteko gaztetxoentzat. "Manuel Muñoz kiroldegiko profesionalen eskutik, ginkanan, herrian zehar ondo mugitzeko probak izango dituzte aurretik parte-hartzaileek, 17:00etan gaztelekutik irtenda. Gero, merienda bat izango da jardueran parte hartzen dutenentzat, eta, ondoren, Manuel Muñoz kiroldegiko igerilekuan jarriko diren puzgarriak izango dituzte gozagarri, 18:30etik aurrera", adierazi du Maider Etxanizek, Eskoriatzako Udaleko Gazteria Saileko teknikariak.
Patinaje ikastaroa
Mugikortasun Asteko ekintzekin jarraituz, datorren astean, irailaren 20an, martitzena, eta irailaren 22an, eguena, patinaje ikastaroa eskainiko da. 17:30etik 18:30ak arte, 5, 6 eta 7 urteko haurrentzako saioa izango da, eta 18:30etik 19:30era, berriz, 8, 9 eta 10 urteko haurrentzat. Interesa duenak Manuel Muñoz kiroldegira deitu dezake, 943 71 53 28 telefono zenbakira, edo Eskoriatzako H@zi arreta zerbitzura, 943 71 44 07 telefono zenbakira. Bertan parte hartzen dutenek hiru euro ordaindu beharko dute.
Segurtasun neurriekin
Irailaren 23an, gaur zortzi, aldiz, Eskoriatzako Mugikortasun Asteko jarduerei amaiera emango diete, eta, horretarako, patinetan egiteko beste ginkana bat izango da, 18:00etan. Gainera, ordu berean, bizikletaren erabilera sustatzeko eta urtero egiten den ekintza ez galtzeko, bizikletak konpontzeko tailerra ere izango da, Fernando Eskoriatza plazan. Bertan, bizikleten oinarrizko konponketak egiten ikasteko aukera izango dute bertaratzen diren herritarrek.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, gaurko eta irailaren 23ko ginkanetan eta patin ikastaroetan parte hartzeko derrigorrezkoa izango da kaskoa erabiltzea, eta baita patinetarako babesak erabiltzea ere.