2022-2023ko ikasturterako azken prestaketa lanak eginda, Eskoriatzako Manuel Muñoz kiroldegiak eskaintza berria aurkeztu du. Lehorreko eta uretako saio gidatuak irailaren 15ean hasiko dira, eta izen emateak abuztuaren 22an zabalduta, aukera dago zerbitzuak eskaintzen dituen ikastaro guztietan izena emateko. Gainera, ate irekiak antolatu dituzte, kiroldegiko eskaintza probatu nahi duten interesdunentzat.
Aukera zabala
Fisikoki modu aktiboan mantendu nahi duenak aukera zabala du Manuel Muñoz kiroldegian, eta horretan laguntza eskaintzen, koordinatzen eta kirol-prozesuan bidelagun gisa laguntzen bost profesional arituko dira, guztira, lehorreko zein uretako ikastaroetan.
Eskaintzaren barruan, berriz, pilatesa, hipopilatesa, erorketen prebentzioa, gimnasia, indoor txirrindularitza, zumba, body tonoa edo fitness aholkulari zerbitzua daude lehorreko jardueren artean. Hala ere, udal instalazioetan eskaintzen diren ikastaroren batean plaza gordetzeko, beharrezkoa izango da Eskoriatzako udal webgunean erantsita dagoen izen emate orria behar bezala beteta eta sinatuta aurkeztea kiroldegiko harreran. Posta elektronikoz ere bidali daiteke, kiroldegia@eskoriatza.eus helbidera.
Ate irekiak
Ate irekiak ere egingo dira, urtero moduan, eta zehaztu dituzte egunak. Hain zuzen ere, astelehenetik –irailak 12– eguaztenera –irailak 14– bitartean izango dira. "Kiroldegira deitu beharko du interesa duenak, edo eraikinetik bertatik pasatu. Gutxienez, lau pertsona batu beharko dira saioa probatzeko eta klasea aurrera ateratzeko. Hori horrela, interesa duenarentzat aukera zabaldu dugu, saio batean hasi aurretik probatzeko eta gustatzen zaion edo ez erabakitzeko", adierazi du Ainize Lizarraldek, Manuel Muñoz kiroldegiko koordinatzaileak.
Harremanetarako
Informazio gehiago behar duenak, ikastaroren bateko zalantzaren bat argitu nahi duenak edo bestelako kontsulta bat egin nahi duenak Manuel Muñoz kiroldegiko harreragunean galdetu dezake, 943 71 53 28 telefono zenbakira deitu edo kiroldegia@eskoriatza.eus helbidera idatzi.